Gazteek erreforma sakonak eta herritarren parte-hartze handiagoa eskatzen dituzte

EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen gehiengo batek gure gizarteak erreforma sakonak behar dituela uste du

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen ‘Euskadiko gazteek dituzten iritziak eta jarrerak gizarte-aldaketei eta parte-hartzeari buruz’ txostenaren arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen gehiengo batek gure gizarteak erreforma sakonak behar dituela uste du. Aldaketa horiek, gainera, ezkerrerantz orientatu beharko liratekeela diote.

Pasa den urteko urrian 2.047 gazteri egindako inkestetan oinarritzen den azterlana. Jasotako erantzunen arabera, gazteek neurri zorrotzagoak eta erreforma sakonak eskatzen dituzte, adibidez, honako esparru hauetan:

  • klima-aldaketaren aurka egiteko,
  • herritarron parte-hartze efektiboa sustatzeko
  • esparru guztietan euskararen presentzia bermatzeko

Gazteen erdiak baino gehiagok gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartzeko nahia azaltzen duen arren, iritzi-inkestak eta aurrekontu parte-hartzaileak bezalako udal ekimenak bakarrik egiten zaizkie erakargarri. Mobilizazio feministak dira, bereziki emakumeen artean, jende gehien erakartzen dituztenak.

Aipatzekoa da 18 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik zortzik adierazi dutela azken hiru urteetan hauteskunderen batean bozkatu dutela, eta horrek hauteskunde-konpromiso nabarmena erakusten du.