Sexu-asertibitatea: Harreman osasuntsuen oinarria

Sexu-asertibitatearen faltak gaizki-ulertuak, asegabetasuna eta, muturreko kasuetan, muga pertsonalen urraketa eragin ditzake

Sexu-asertibitatea bikotekideen arteko harreman osasuntsua eraikitzeko funtsezko zutabea da. Sexu-asertibitatea sexualitatearen inguruan ditugun desio, behar eta mugak modu argi eta zintzoan adierazteko gaitasuna da, beti ere bikotekidearen mugak eta eskubideak errespetatuz. Ildo berean, sexu-asertibitatea norberaren beharrak errespetuz komunikatzearen eta irmoa izatearen arteko orekan datza. 

Sexu-asertibitatea lantzeak onura asko eskaintzen dizkio bikote harremanari:

  • Konfiantza eraikitzea: Gure beldurrak eta lotsak epaituak izan gabe adierazteko askatasuna sentitzen dugunean, konfiantza sakonagoa eraikitzen da bikotekideen artean.
  • Gaizki-ulertuak murriztea: Argi komunikatzen denean, gaizki-ulertuak eta frustrazioak nabarmen murrizten dira.
  • Autoestimua indartzea: Garen bezalakoak azaltzeko gai izatea, eta hori egin ondoren errespetatuak eta maitatuak izaten jarraitzeak, harremanean seguruago sentiaraziko gaitu eta, hortaz, harremana ere indartu egingo da.

Hortaz, sexu-asertibitatearen faltak gaizki-ulertuak, asegabetasuna eta, muturreko kasuetan, muga pertsonalen urraketa eragin ditzake.Horregatik, garrantzitsua da alderdi horiek guztiak lantzeko tresnak izatea. Hona hemen horietako batzuk:

  • Autoezagutza landu: Ezinbestekoa da gure desio, mugen eta beldurren kontzientzia hartzea.
  • Komunikazio irekia sustatu: Sortu irekitasunez hitz egiteko gune segurua, non bi aldeek eroso senti daitezkeen.
  • Entzute aktiboa praktikatu: Gure bikotekidearen beharrak ulertzea bezain garrantzitsua da gureak adieraztea.
  • Muga argiak ezarri: Garbi adierazi zer nahi duzun eta zer ez.
Laguntza bilatzearen garrantzia

Sexu-asertibitatea garatzea zaila egiten bazaizu, kontuan izan laguntza profesionala eskatu dezakezula. Sexologoek eta bikote-terapeutek tresna baliagarriak eman diezazkizukete zure komunikazioa hobetzeko.

Azken finean, sexu-asertibitatea ez da luxu bat, harreman osasuntsu baten funtsezko osagaia baizik. Gogoratu bi aldeen beharrak eta mugak errespetatzen direnean, intimitate sakonagoa eta gogobetegarriagoa lor daitekeela.