Abian da ‘Joan, parte hartu eta konta iezaguzu’ programaren aurtengo edizioa

Nafarroako Gobernuak sustatzen duen programa horri esker nafar gazteek nazioarteko lankidetza programetan parte hartzeko aukera dute

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak ‘Joan, parte hartu eta konta iezaguzu’ programaren edizio berri bat jarri du martxan. Programa horren bidez, nazioarteko lankidetzako proiektu eta programetan gazteek parte hartzea edo gai horri buruzko ikastaro teoriko-praktikoak garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) bidez garatzea finantzatzen da. Interesa duten erakundeek maiatzaren 5era arte aurkeztu ahal izango dute eskaera.

Nafarroako Gobernuak guztira 85.000 euro bideratuko ditu Nafarroako gazteen artean sentsibilizazioa eta elkartasunaren balioa sustatzeko. GKEek bi modalitatetan eskatu ahal izango dute finantzaketa:

  • garapenerako lankidetza programa edo proiektuetan parte hartzea, 3 eta 12 hilabete arteko egonaldiekin;
  • garapenerako lankidetzari buruzko ikastaro teoriko-praktikoak ematea tokian bertan praktikarekin, 20 egun eta 2 hilabete arteko iraupena izan beharko dutenak.

Lehen modalitatea 75.000 eurorekin finantzatuko da, eta prestakuntzarako 10.000 euro bideratuko dira.



Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren GKEen erregistroan izena eman duten eta egoitza soziala edo delegazio iraunkorra Nafarroan duten erakundeek. Gainera, tokiko bazkide edo solaskide bat izan beharko dute, boluntarioen egonaldia bermatzeko. Nafarroako Gazteriaren Institutuak baimendutako gazteen bidaia edo prestakuntza 2025ean egingo da. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira izapide-fitxaren bidez.

Diruz lagun daitezkeen gastuen artean daude joan-etorriak, txertaketak, bisak eta asistentzia-aseguruak ordaintzeko gastuak, bai eta boluntarioak artatzeko helmugako lekuan mantenua eta egonaldia egiteko gastuak ere, hilean eta plaza bakoitzeko gehienez 350 eurorekin. Nafarroako Gobernuak erakunde bakoitzak eskatutako zenbatekoa finantzatuko du jatorrizko lekuko egonaldien kasuan, eta gehienez 2.000 euro bideratuko ditu prestakuntza-ekintza bakoitzeko.