Joan, parte hartu eta konta iezaguzu

Nafarroako hamabi gazte lankidetza lanetan izan dira Aljerian, Bolivian, El Salvadorren eta Mexikon Nafarroako Gobernuak antolatzen duen ‘Joan, parte hartu eta konta iezaguzu’ programari esker

Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin (INJ) eta Nafarroako GGKEekin lankidetzan Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendaritzak urtero antolatzen duen “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu programari esker, Nafarroako hamabi gazte lankidetza-lanetan ari dira gaur egun Aljerian, Bolivian, El Salvadorren eta Mexikon. 2023. urteko edizioan parte hartu duten gazteak honako hauek izan dira: Leire Angulo, Noemí Ardana, Uxue Berruezo, Amaia Ibarrola, Ekhiñe Larrion, Irantzu López, Xabier López, Leyre Navarrete, Laura Panero, Ana Paula Reyna Farje eta Brittany Vera. Laster, El Salvador-en den Sarai Malaguilla gehituko zaie.

Aipatu programaren barruan hautatu diren gazteek 3 eta 12 hilabete bitarteko lankidetza-lanak egiten dituzte herrialde horietan tokiko erakundeekin harremana duten Nafarroako GGKEekin batera. Harrera-erakunde horiek gauzatutako gizarte-ekimenen artean, honako hauekin lotutako proiektuak nabarmentzen dira: osasunerako eskubidea, hizkuntza autoktonoen sustapena, adingabeen babesa eta zaintza, laguntza humanitarioaren garraioa, autonomia ekonomikoa, genero-berdintasuna eta indarkerien prebentzioa.

Joan, parte hartu eta konta iezaguzu

Programaren xedea da egiten diren esku-hartze horiek komunitate kalteberetan zuzeneko eragina izatea  eta, aldi berean, programan parte hartzen duten gazteak lan egiten duten testuinguruetako errealitateei buruz sentsibilizatu nahi dira. Horretarako, elkartasunaren balio soziala barneratzea eta garapenerako lankidetzak gizarte bidezkoagoak eraikitzeko duen funtsezko zeregina ulertzea bilatzen da.

Programaren izenak berak jasotzen duenez, ekimenak zabalkunde- eta kontzientziazio-osagai bat ere du. Horrela, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean den ‘Konta iezaguzu’ atalean programan parte hartu duten gazteek beren esperientziak eta pertzepzioak partekatzen dituzte. Horien bidez, beste gazte batzuk sentsibilizatu nahi dituzte proiektuetan parte hartzean ikusitako erronkei eta lorpenei buruz.