‘Joan, parte hartu eta konta iezaguzu’ programaren edizio berria

Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen duen programak garapenerako lankidetzako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen die gazte kooperanteei.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez, ‘Joan, parte hartu eta konta iezaguzu’ programaren edizio berri bat antolatu du. Programa horrek Latinoamerikan eta Afrikako iparraldean garatzen diren garapenerako lankidetzako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen die nafar gazte kooperanteei.

Programaren helburua da, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen laguntzarekin, Nafarroako gazteen artean sentsibilizazioa eta elkartasunaren balioa sustatzea, nazioarteko lankidetza-programetan edo garapenerako lankidetza-ikastaro praktikoetan boluntario gisa parte hartuz.

Egitasmoak

Programa 20 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Izena emateko epea datorren ekainaren 15ean amaituko da eta hautatuak diren gazteek 3 eta 10 hilabete bitarteko egonaldiak egin ahal izango dituzte honako herrialde hauetan: Bolivia, El Salvador, Guatemala, Mexiko eta Aljeria.

Hautaketa egiteko GKEek garatzen dituzten egitasmoen arabera eskatzen duten profilarekiko egokitzapena hartuko da kontuan. Horretarako, besteak beste, aintzat hartuko dira titulu akademikoak, lanbide prestakuntza eta bestelako ikasketak. Boluntariotzako beste egitasmoetan parte hartu izana eta atzerriko hizkuntzen ezagutza ere aintzat hartuko dira.

Aukeratuak diren gazteek, haien helmugara joan aurretik, nahitaez, prestakuntza ikastaro bat egin beharko dute. Behin helmugan, GKEek eskatutako lanak burutu beharko dituzte eta, aldi berean, horren berri emango dute argazki eta iruzkinen bidez.

Argazkia: Natalia de la Rubia / Shutterstock.com