Ekainaren 9tik 10era bitartean Europako Parlamentuak Gazteriaren Europako Ekitaldiaren (European Youth Event – EYE) bosgarren edizioa hartuko du. Aurreko edizioetan bezala, topaketaren xedea Europar Batasunaren etorkizunaren inguruan hausnartzea izango da. Horretarako, 16 eta 30 urte bitarteko gazteen iritziak jasoko dira eta, aldi berean, gazteek beste herrialdetako gazteak ezagutzeko aukera izango dute.
Estrasburgon izango den ekitaldirako izen-ematea itxita dagoen arren, online jarraipena egiteko aukera zabalik da.
Aurtengo programa
Aurten jorratuko diren gaien artean demokraziak eta gazteen parte-hartzeak izango dute garrantzi berezia. Izan ere, datorren urtean Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira eta gai horiek kezka eragiten dute Europako arduradunen artean. Programa nazioarteko erakunde eta talde ezberdinekin batera osatu da eta gazteek Estrasburgon izango diren aktibista, influencer, aditu eta arduradun politiko nabarmenekin hitz egiteko, eztabaidatzeko eta elkarri eragiteko aukera izango dute. Dinamika horrek aukera emango die gazte parte-hartzaileei Europar Batasunaren etorkizunari forma emango dioten eztabaida eta erabakietan aktiboki parte hartzeko.
Ekitaldia online jarraitzen duten horiek Estrasburgon diren jarduera guztiak jarraitzeko aukera izango dute. Jarduerak 24 hizkuntzatan jarraitzeko aukera izango da.