Gazteen Euskal Behatokiak berriki argitaratu duen inkesta baten arabera, Euskadiko gazteek, nagusiki, Europar Batasuna Europan zehar bidaiatzeko, ikasteko edo lan egiteko askatasunarekin lotzen dute. Gazteentzat Euroa litzateke EBren bigarren ezaugarri nagusia. Oro har, Europar Batasuna positibotzat jotzen duten arren, euskal gazteriaren erdiak baino gutxiagok (% 43) adierazi du Europarekiko lotura sentitzen duela. Inkestan jaso denez, gazteen heren batek bakarrik adierazi du Europar Batasunaren egitura eta funtzionamendua ulertzen duela. Europako beste hainbat herrialdetan gazteek EBrekiko duten lotura eta ulertze maila altuagoa da. Gainera, asko dira hainbat gaietan (klima-aldaketa, Ukrainako gerra, gazteen langabezia, errefuxiatuen krisia…) EBk egin duen kudeaketarekin kritiko azaltzen diren gazteak. Kasu horietan guztietan batez besteko nota bostetik beherakoa da.
Ildo horretan, gazte gehienen ustez, Europar Batasunak lehentasuna eman beharko lioke pobreziaren eta desberdintasun ekonomikoen kontra borrokatzeari (% 54,9) eta klima-aldaketaren kontrako jarduerari eta ingurumenaren babesari (% 51,8).