Euskadiko gazteria Sahararekin

1976. urtean Saharatik ihesi atera behar izan ziren eta aurten, 2022an, 46 urte beteko dituzte errefuxiatu gisa. Urte asko ezer aldatu gabe, urte gehiegi etxetik kanpo.

Gaur egungo egoerari erreparatu aurretik… ezagutzen al dugu Saharar herriaren historia? Mendebaldeko Sahara, Saharako basamortuaren mendebaldeko muturrean dagoen Afrikako lurraldea da, Ozeano Atlantikoaren ertzean.

Nazio Batuen Deskolonizazio Batzordeak gainbegiratutako 17 lurralde ez-autonomoetako bat da, kolonialismoa ezabatzeko. 1960an sartu zen autonomoak ez ziren lurraldeen zerrendan, NBEren Batzar Nagusiaren abenduaren 15eko 1542 (XV) Ebazpenean, Espainiako kolonia zenean. 1975. urtean, Franko diktadorearen gaixotasunak eta heriotzak eraginda, ordura arte Espainiako gobernuak hartutako erreferenduma egiteko konpromisoa bertan behera gelditu zen. Diktadorearen heriotzarekin eta Saharako egoera gatazkatsuaren eraginez, Espainiak deskolonizazioarekiko hartutako konpromisoak bertan behera utzi zituen Afrikan gerra kolonial bat hasteko beldurraren ondorioz. Marokoko Hasan II. erregeak egoera aprobetxatu eta Martxa Berdea izenarekin ezaguna den okupazioari ekin zion. Deskolonizazio-prozesua 1976an eten zen, bere potentzia kolonialak, Espainiak, Mendebaldeko Sahara Marokoren eta Mauritaniaren esku utzi zuenean.

Tindouf

Ordutik, Saharar askok ihes egin behar izan zuten etxetik eta Aljerian ezarri errefuxiatu gisa, Tindoufen zehazki. Bertan, errefuxiatuen kanpamenduetan haien bizitzekin aurrera jarraitu behar izan dute. Ihes egin zuten lehenak emakumeak eta umeak izan ziren baita kanpamenduak sortu zituzten lehenak ere.

Ez da batere egoera erraza kanpamenduetan bizi dutena. Gaur egun, 46 urteren ostean, kanpamendua duten bakarra da, baina ez da sekula beraien etxea izango. 

Egoera horren aurrean, herri eta eragile asko izan dira babesa eman dietenak eta hor Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere lana eta ardura bere gain hartu du. Kontseilua hasi zenetik hainbat izan dira kanpamenduetara bertaratu, ekintzak antolatu eta elkarlanean aritu diren gazteak. Izan ere, EGK-k UJSARIOrekin (Fronte Polisarioaren gazte erakundea) duen harremanaren helburua ez da soilik euskal gazte-erakundeak koordinatzea. Saharar kausaren alde egiten duten ezagutza eta lana sustatzea ere bada. Aldi berean, euskal gazteak gatazka horren inguruan sentsibilizatzea eta Afrikako azken kolonia horri buruzko nazioarteko legedia betetzearen aldeko lan politikoa egitea du helburu.

Lankidetza

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arduraren baitan egindako azken ekarpenak 2017. eta 2018. urteetan zehar burutu ziren. 2017an beste Gazte Kontseilu batzuekin batera (Katalunia, Nafarroa eta Espainia), Tindoufeko kanpamenduetara bidaiatu eta gazte elkartegintzaren gaineko formakuntza eskaini zen, bertako gazteak prozesu honen baitan tresnak izateko.

Ostean, lanketa Euskadi mailan jarraitu zen. Euskadin dauden saharar gazteekin batera ekitaldi bat burutu eta bertan, kanpamenduetako egoera aurkeztu eta EAEn gazte elkarte ezberdinak egiten dituzten hainbat ekimen aurkeztu ziren. Ekitaldi honen asmoa sahararren egoeraren gaineko sentsibilizazio eta ikusgarritasuna sustatzea zen.

Aurten ere Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere ekarpentxoa egingo du Kanpamenduetan ospatuko den Gazte Kongresura joaten. Era horretan euskal gazteak Sahararrekiko babesa adieraziz. 

Azken urteak ez dira errazak izan sahararrentzat, bereziki kanpamendu zein lurralde okupatuetan bizi direnentzat. Horregatik, ezinbestekoa ikusi da euskal gazteen babesa eskaini eta merezi dituzten eskubideak aldarrikatzea.

Azken batean, Mendebaldeko Saharan Giza Eskubideekiko errespetua eskatzeko konpromisoa da, baita demokraziaren, bakearen, garapenaren eta herrien arteko ulermenaren alde modu bateratu eta aldebikoan lan egitekoa ere.