Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) genero indarkeriaren inguruan ezagutzera eman dituen azken datuen arabera, adingabeen artean nabarmen hazi dira indarkeria matxistaren kasuak. Txostenak 2021. urtean jarritako salaketak jasotzen ditu eta, adingabeen kasuan, datuak oso kezkagarriak dira. Salatuak izan diren mutilen kopurua % 70,8an igo da 2020. urtearekin alderatuta. Salaketak jarri dituzten neska adingabeen kopurua, berriz, % 28,6an igo da.
Txostenean jasotzen denez, 2021. urtean, estatu mailan, 30.141 emakume izan ziren genero indarkeriaren biktima. Horietatik guztietatik 661 adingabeak izan ziren (% 2,19). Ikus daitekeenez, kopuru osotik ehuneko txikia da, baina aurreko urteko datuekin alderatuta, igoera ia 30 puntukoa izan da. Gazteei dagokionez, 34 urtetik beherako biktimen kopurua 13.678koa izan zen. Mila emakumeko biktimen-tasarik altuenak 34 urtetik beherako adin-tarteetan erregistratu dira.
Eta gure artean zer? Kasu bakarra gehiegi bada ere, Nafarroako Foru Erkidegoa da (299), Ceuta eta Melillarekin batera, biktima kopuru gutxien erregistratu dituen Erkidegoa, baina Nafarroan erregistratutako salaketak % 3,5ean igo dira 2020arekin alderatuta. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan 614 salaketa erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 9,8 gehiago. Salaketa gehien erregistratu dituzten Autonomia Erkidegoak Andaluzia (6.720), Valentzia (4.548) eta Madril (3.349) izan dira.
2021. urtean, estatu mailan, 30.141 emakume izan ziren genero indarkeriaren biktima. Horietatik guztietatik 661 adingabeak izan ziren (% 2,19).
Txostenean jasotako datuen arabera, termino erlatiboetan, 14 urtetik gorako 100 emakumeko indarkeria-tasarik altuenak Errioxan (2,5), Murtzian (2,3) eta Ceutan (2,3) erregistratu dira. Baxuenak, aldiz, Euskadin (0,6) eta Katalunian (0,8). Nafarroa (1,0) tasarik baxuena duen laugarren erkidegoa da.
Genero indarkeriagatik salatuak izan ziren gizonen kopurua 30.047koa izan zen. Horietatik guztietatik 11.248 34 urtetik beherakoak ziren; eta 123 adingabeak. Kasu honetan ere salatuen tasarik handienak 34 urtetik beherakoen artean erregistratu dira.