Nerabeek genero-indarkeria normalizatu dute

Save the Chindrenen ustez, premiazkoa da genero-ikuspegia eta haurtzaroaren ikuspegia txertatzea, nerabeen arteko genero-indarkeriari aurre egiteko.

14 eta 17 urte bitarteko hiru nerabetik batek genero-indarkeria jasan du bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik. Euskadiko datuak dira, 2019. urtekoak eta Emakundek jaso dituenak genero-indarkeriaren inguruko bere azken txostenean. Datu horiek ikusita, Save The Children GKEak azpimarratu du “nerabeen arteko harremanak asimetrikoak izaten jarraitzen dutela eta generoan oinarritutako rolengatik baldintzatuta daudela”.

GKEak bere “No es amor” txostenean agerian uzten duenez, nerabeen bikoteetan-genero indarkeria normalizatzen da eta rol sexistak errepikatzen dira.

Save The Childreneko Haurrentzako Politiken arduraduna Euskadin Sara Polok azaldu duenez, txikitatik “neskek eta mutilek hainbat rol eta estereotipo barneratzen dituzte gizarteak beraiengandik espero duen paperarekin bat egiteko”. Estereotipo horietatik abiatuta, neskek sozializatzen dute amodioa beren bizitzen erdigunean kokatuz, otzanagoak direla onartuz. Mutilengandik, berriz, zaindari edo babesle izatea espero da eta, sarritan, babes hori kontrol jarrerekin nahasten da.

Genero-indarkeria nerabeen artean

Horregatik, Save The Childrenek genero-indarkeriaren inguruan egiten diren ikerketetan adin-taldeak zabaltzea eta 13 urteko nerabeak era aintzat hartzea eskatzen da. Modu horretan orain ikusten ez den arazo bati agerikotasuna eman ahal izango zaio. Gainera, “ezinbestekoa da nerabeek jasan behar izaten duten genero-indarkeriaren inguruko informazioa biltzea arazo horri aurre egin ahal izateko”.

GKEren ustetan, Euskadin haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko aukera ezin hobe baten aurrean gaude, LOPIVIren garapena eta Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia jasoko duen Haurren Lege berria prestatzen ari delako.