Ane Estebaranz: “Erlijio katolikoak nagusi izaten jarraitzen duen arren, fede horren sinesdunen kopuruak nabarmen egin du behera”

Ikuspegiko ikertzailea. Ikuspegik argitaratu berri duen ‘Zabaldu: erlijio-aniztasuna EAEn’ ikerketaren egilekidea.

Txostenean jaso duzuenez, Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate sozio-erlijiosoa nabarmen aldatu da azken hamarkadetan. Zer nolako aldaketak izan dira eta zergatik? 

Euskadiko errealitate sozio-erlijiosoan eman den aldaketa nagusia erlijio katolikoarenganako identifikazioaren beherakada eta sinesgabeen hazkundea da. 1987ko Euskal Soziometroaren arabera, garai hartako biztanleriaren % 81ek katolikotzat hartzen zuen bere burua eta % 17 ez zen inolako erlijiorekin identifikatzen, hau da, ateo, agnostiko edo sinesgabe edo fedagabetzat hartzen zuen bere burua. Ikuspegin burutu dugun Euskadiko erlijioen mapa soziologikoaren estimazioaren arabera, 2022an % 57,2ra jaitsi da erlijio katolikoaren sinestunen kopurua eta sinesgabeen ehunekoa, berriz, % 35,5era igo da. Zenbaki horiek euskal gizartearen sekularizazio prozesuaren isla dira azken batean. 

Horrez gain, gizartean katolikoaz bestelako erlijioen presentzia minoritarioa da, bai 1987. urtean, bai gaur egun. Hala ere, aipatutako urte horrekin alderatuta, erlijio minoritarioen presentzia, gutxi gora behera, 5 puntutan hazi da, betiere, aurretik aipatu ditudan iturri berberen arabera. Azpimarratzekoa da katolizismoaz bestelako erlijio batzuk badaudela aspalditik euskal lurraldeetan finkatuta, hala nola, ebanjelikoa edo musulmana. Baina azken hamarkadetako nazioarteko migrazio-fluxuen ondorioz konfesio erlijioso horien eta beste batzuen presentzia erlatiboki handitu da.

Euskadin izan den dinamika hori berezkoa da ala beste eskualde/herrialdetan ere eman al da? Gure kasuan, ba al da berezitasunik?

Euskadiko errealitate sozio-erlijiosoak baditu ezaugarri propioak. Esan genezake, espainiar Estatuko beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta, sekularizazio prozesua indartsuagoa izan dela gure artean. Beraz, erlijio katolikoak irismen txikiagoa eta sinesgabetasunak hedapen handiagoa daukatela esan daiteke. 

Aniztasun erlijiosoari dagokionez, honek izan duen hazkundea erlazionatuta dago 1970. hamarkadaren bukaeran espainiar Estatu mailan, bai erlijio-askatasun eskubidearen aitorpenarekin, bai eta erlijio-aniztasunaren presentziaren errekonozimenduarekin ere. Honek gizartean dagoen identitateen pluraltasuna aitortzen lagundu du. Araudian egindako aldaketa horiek Espainiar estatua eta Euskadi Europako beste herrialde batzuekin parekatzen lagundu dute, oinarrizko eskubideen mailan. Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasunei dagokienez, zenbait iniziatiba propio ematen ari dira aniztasun erlijiosoaren kudeaketa publikoaren markoan. 

Zeintzuk lirateke gure artean diren erlijio nagusiak? Aniztasun handia al da Euskadin jaiotakoen artean ala immigrazioaren ondorioa al da? 

Esan bezala, gure artean erlijio nagusia katolikoa da alde handiarekin. Ondoren, gutxiengoen sinesmenak egongo lirateke: musulmana (% 4, gure estimazioaren arabera), ebanjelikoa (% 1,1) eta ortodoxoa (%1) . Erlijio ebanjelikoa eta musulmana, esan bezala, aspalditik euskal lurraldeetan eta biztanleria autoktonoaren artean finkapena eta tradizioa duten erlijioak dira. Hala ere, atzerritik etorritako pertsonek sarritan jatorriko ezaugarri kultural eta erlijiosoak ekartzen dituzte haiekin. Horrek katolikoaz bestelako erlijioek izan duten hazkunde erlatiboa azaltzen du. Hau da, gizartearen erlijiotasuna anitzagoa da, baina 2022an atzerritar jatorriko biztanleria % 11,5 izanda (estimazioa egiteko erabili diren datuak urte horretakoak dira), biztanleria osoaren gaineko eragina ez da oso handia. 

Eta sinesgabeen kopurua? Zenbat pertsonaz ari gara Euskadin? Antza, gero eta gehiago dira inolako erlijiorik jarraitzen ez duten herritarren kopurua…

Estimazioaren arabera, euskal gizartearen % 35,5 ez da inolako erlijiorekin identifikatzen, hau da, ateoak, agnostikoak edo sinesgabe gisa identifikatuko lukete euren burua. 2019. urteko estimazioarekin alderatuta, aipatutako ehunekoak 11,6 puntuko igoera suposatuko luke. Zenbaki absolututan, Euskadin 765.595 biztanle sinesgabe daudela zenbatetsi egin da. 

Atzerritar jatorriko biztanleen artean zeintzuk dira erlijio nagusiak?

Atzerritar jatorriko biztanleen artean konkretuki erlijio nagusia katolikoak izaten jarraitzen du, herritar horien % 42,9k katolikotzat jotzen baitu bere burua. Pertsona horien artean erlijio batzuek edo beste batzuek duten pisua gehienbat jatorrizko herrialdeetako sinesmenen araberakoa da. Hala, katolizismoaren garrantzia jatorri latinoamerikarra ugariena delako azaltzen da. Atzerritar jatorriko biztanleen artean bigarren erlijiorik nabarmenena musulmana da, hirugarrena ebanjelikoa eta laugarrena ortodoxoa. 

Bere burua katolikotzat jotzen dutenen artean bereiztu al dituzue elizkoien eta ez-elizkoien artean? 

Ez dugu bereizketa hori egin, ezta erlijio katolikoaren kasuan, ezta gainerako erlijioen kasuan ere ez. Estimazioan aurkeztutako datuak auto-identifikazioari egiten diote erreferentzia.

Txostenean EAEko hiru hiriburuetan erlijio bakoitzak duen pisua edo garrantzia ere aztertu duzue. Zeintzuk lirateke ondorio nagusiak? Ba al da joera nagusiarekin bat egiten ez duen daturen bat?

Aurkeztutako Euskadiko erlijioen mapa soziologikoak aukera ematen du estimazioa euskal udalerri bakoitzean ikusteko. Euskal hiriburuetan zentratuta, ez dago ezberdintasun handirik erlijioen banaketari dagokionez. Antzeman daitekeen berezitasun bat da Gasteizen erlijio musulmanak presentzia arinki handiagoa duela EAEko batazbestekoarekin eta gainerako hiriburuekin alderatuta. Izan ere, Gasteizen magrebtar jatorriko biztanle gehiago dago. Hau da, lurralde bakoitzean erlijio-konfesio ezberdinen pisua atzerritar jatorriko pertsonen erlijiotasunarekin azaldu daiteke, baina baita sinesmenen errotzean egon daitezkeen berezitasunekin ere.

Txostenean aztertu duzuen beste aldagai bat gurtza-zentroena da. EAEn erlijio bakoitzak duen gurtza-zentroen kopurua bat al dator erlatiboki gizartean duen pisuarekin? 

Eliza katolikoen kasuan, gurtza-zentroen pisua bada katolizismoak biztanleriaren artean duen presentzia baino altuagoa, konfesio horrek historikoki Euskadin izan duen ezarpen handiaren ondorioz. 

Erlijio minoritarioen artean, Eliza ebanjelikoa da gurtza-zentro gehien dituena: 147 zentro EAE osoan. Ondoren, sinesmen musulmana da gurtza-zentro kopuruan bigarren, guztira, 83 meskitekin. Hirugarrenik, Jehovaren lekukoen Erreinuaren aretoak daude, erkidego osoan 33 gurtza-lekurekin. Gainerako gutxiengoen erlijioek 10 kultu-leku inguru edo gutxiago dituzte guztira. Lurraldetasunari begira, kultu-zentro gehienak hiriburuetan biltzen dira, baina badaukate presentzia eskualde ezberdinetako herri handi zein ertainetan ere bai.