Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 35,5 ez da inolako erlijioarekin identifikatzen. Ehuneko horren barruan biltzen dira, besteak beste, bere burua ateotzat, agnostikotzat edo fedegabetzat jotzen duten horiek, eta Euskadiko errealitate erlijiosoa aldatzen ari dela islatzen du. Izan ere, erlijio nagusia izaten jarraitzen duen arren, gero eta gutxiago dira bere burua katolikotzat jotzen duten horiek. Datu horiek guztiak Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratu duen ‘Zabaldu 2: Erlijio-aniztasuna EAEn’ txostenean jasotakoak dira.
Deustuko Giza Eskubideen Institutuarekin elkarlanean egin den txosten horrek, izenburuak dioen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoan den erlijio-aniztasuna aztertzen du. Bertan bildutako datuen arabera, 1980. urteaz geroztik, nabarmen jaitsi da euskal herritarren artean bere burua katolikotzat jotzen duten horien kopurua. Aldi berean, bere burua fedegabetzat jotzen duten horien kopurua hazi da. Zehazki, 1987an bildutako datuen arabera, biztanleriaren % 81ek bere burua katolikotzat jotzen zuen eta % 17k fedegabetzat. 35 urte beranduago, 2020an alegia, bere burua katolikotzat jotzen duten horiek % 57,2 dira (1,23 milioi herritar) eta bere burua fedegabetzat joten duten horiek, berriz, % 35,5 (0,76 milioi herritar).
Aniztasun erlijiosoa ez da gauza berria Euskadin, baina 2012. urteaz geroztik agerikoagoa da atzerritik etorritako pertsonen kopurua haztearekin batera aniztasun hori ere hazi egin dela
Fedegabeen kopuruak ez ezik, beste erlijioetako jarraitzaileen kopuruak ere gora egin du. Adibidez, 1987an, erlijio minoritarioen jarraitzaileak % 1 baino ez ziren; iaz, berriz, % 5,8 ziren.
Aldaketa horiek ez dira bakarrik EAEn ematen eta Europako beste hainbat herrialdetan errepikatzen den joera da.
Gizarte anitzagoa
Txostenak azaltzen duenez, aniztasun erlijiosoa ez da gauza berria Euskadin, baina 2012. urteaz geroztik agerikoagoa da atzerritik etorritako pertsonen kopurua haztearekin batera aniztasun hori ere hazi egin dela.
Horrela, jatorri latinoamerikarreko biztanleria, nagusiki, tradizio kristauarekin identifikatzen da (katolikoak eta ebanjelikoak); Magrebetik etorritakoak, nagusiki, musulmanak dira; eta, Europako ekialdetik etorritako horiek, gehienbat, kristau ortodoxoak dira. Txostenean azpimarratzen denez, “biztanleria etorkin gehiena Euskadin erlijioarekin gaur egun duguna baino lotura estuagoa duten herrialdeetatik etorri izanak nolabaiteko suspertzea ekarri du konfesioen aniztasunean eta erlijiotasunaren dinamiketan”.
Datu gordinak ikusita, garbi dago Euskadik, nagusiki, gizarte katolikoa izaten jarraitzen duela, baina beste sinesmenek izan duten gorakadaren ondorioz, erlijioari dagokionez, gero eta gizarte anitzagoa da. Katolikoaren ostean, jarraitzaile gehien dituen erlijioa musulmana da: EAEko biztanleriaren % 4k (85.645 pertsona) fede hori jarraitzen du. Ondoren, konfesio ebanjelikoa edo protestantea % 1,1arekin (ia 25.000 pertsona) eta kristau ortodoxoa %1arekin (21.000 pertsona inguru) leudeke.
Atzerriko biztanleria eta erlijioa
Erlijio-aniztasunak Euskadin alde nabarmenak azaltzen ditu bertako biztanleria eta atzerritik etorritako biztanleria banatuta aztertzen badira. Esan bezala, erlijio katolikoak nagusi izaten jarraitzen badu ere, fede horren garrantzia txikiagoa da atzerritar jatorriko herritarren artean (% 42,9 edo 106.947 pertsona). Datu hori jatorri latinoamerikarreko biztanleriaren garrantzi edo pisu demografikoari lotuta dago, EAEn bizi diren atzerritar jatorriko herritarren erdia baino gehiago (% 52) eskualde horretakoa baita.
Gainera, atzerritar jatorriko biztanleen artean katolikoa ez den beste erlijio batzuek pisu handiagoa dute. Adibidez, talde horretan diren herritarren % 17,9 musulmanak dira (44.606 pertsona), ebanjelikoak edo protestanteak % 9,8 dira (24.533) eta ortodoxoak % 8,4 dira (21.048).
Atzerritar jatorria duten herritarrak, oro har, bertakoak baino fededunagoak dira. Izan ere, biztanleria orokorraren barruan bere burua fedegabetzat jotzen duten herritarrak % 35,5 diren bitartean, bere burua fedegabetzat jotzen duten atzerritar jatorriko herritarren kopurua % 11,6 baino ez da.
Gero eta fedegabe gehiago
Txostenak agerian uzten duenez, 2019 eta 2022 artean, erlijio katolikoaren garrantzia jaistearekin batera, bere burua fedegabetzat jotzen duten herritarren kopurua hazi zen. Aldi berean, musulmanen kopuruak ere behera egin zuen, bai kopuru absolutuetan, bai ehunekoetan.
Biztanleria orokorraren artean, bere burua fedegabetzat jotzen duten pertsonen kopurua 11,6 puntutan hazi zen 2019 eta 2022 artean. Aldi berean, fede katolikoaren jarraitzaileen ehunekoa 11,9 puntutan jaitsi zen, baina bestelako erlijioen ehunekoak berean mantendu ziren.
Atzerritar jatorriko pertsonen artean, fedegabeen kopurua 2,5 puntutan hazi da 2019. urteaz geroztik. Modu berean, talde horretan diren katolikoen kopurua bi puntutan jaitsi da. Baina jaitsiera nabarmena musulmanen artean jazo da, aipatu aldi horretan EAEn bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen artean fede horren jarraitzaileak 4,5 puntutan jaitsi baitira.
Eta EAEko hiriburuetan zer?
Biztanleria osoaren % 35 biltzen duten EAEko hiru hiriburuetan, erlijio-aniztasuna estuki lotuta dago atzerritar jatorriko biztanleriari eta immigrazioaren igoerari. Bilbo, Donostia eta Gasteizko adskripzio erlijiosoek Euskadikoaren antzeko ildo orokorra jarraitzen badute ere, ñabardurak ere badituzte. Adibidez, Gasteizen musulmanen kopurua EAEko batez bestekoa baino altuagoa da: % 6,3 eta % 4,0, hurrenez hurren. Horren arrazoia garbia da: magrebtar jatorriko eta Afrikako gainerako herrialdeetako biztanleek pisu handiagoa dute Araban (% 31,1) EAEn baino (% 21,7).
Atzerritar jatorriko herritarrei dagokienez, Gasteizen (% 41,9) bere burua katolikotzat jotzen duten herritarren pisua Bilbon eta Donostian baino txikiagoa da eta musulmanen kopuru handia nabarmentzen da (% 29,9). Bilbon eta Donostian, aldiz, musulmanen kopurua nabarmen baxuagoa da, % 18 eta % 11,1, hurrenez hurren. Aldiz, bi hiri horietan, biztanleria katolikoa handiagoa da, Latinoamerikatik etorritako biztanle gehiago daudelako).
Gurtza-zentroak
Urte honen hasieran, Euskadin, katolikoa ez den beste erlijioetako 301 gurtza-zentro zeuden. Bizkaia da, 148rekin, katolikoak ez diren gurtza-zentro gehien dituen lurralde historikoa. Gipuzkoan horrelako 97 zentro daude eta Araban, berriz, 55. Azterlanak agerian uzten duenez, gurtza-zentroen kopuruak ez du zuzeneko harremana erlijio bakoitzak duen jarraitzaile kopuruarekin. Dirudienez, beste faktore batzuek ere badute eragina, hala nola erlijioak lurraldean duen sustraitzeak edo horietako bakoitzaren erritoek eta praktikek.
Adibidez, ebanjelikoa edo protestantea da Euskadin gurtza-zentro gehien duen adskripzioa: 147 zentro, orotara. EAEn jarraitzaile gehiago izan arren, Euskadin 83 meskita daude eta sailkapen horren hirugarren postuan Jehovaren lekukoak leudeke, 33 Erreinuaren aretoekin.
Bizkaian, eliza ebanjelikoen proportzioa (% 55,4) nabarmen handiagoa da Euskadiko batezbestekoarekin alderatuta (% 48,8) edo, bereziki, Gipuzkoarekin alderatuta (% 41,2). Araban, aldiz, lehenago azaldutako arrazoiagatik, meskiten proportzioa (% 37,5) Euskadin (% 27,6) eta Bizkaian (% 20,9) baino altuagoa da.
Azterlanaren arabera, gurtza-zentroen kopuruak eta erlijio bakoitzeko sinestunen zenbatetsitako ehunekoak lotura estua dute eskualde jakin batzuetako komunitate migratuen presentziarekin.
2019 eta 2024 artean, erlijio minoritarioetako gurtza-zentroen proportzioak ez du gorabehera handirik izan, baina eliza ebanjelikoen eta meskiten kopuruek gora egin dutela nabarmendu behar da.
Erlijio minoritarioak
Erlijio minoritarioetako jarraitzaileek azaltzen dutenez, kasurik onenean, beren sinesmenen ondoriozko axolagabetasun egoerei aurre egin behar izaten diete eta, beste zenbait kasutan, berriz, beren erlijioaren arbuio argiari eta zuzenari. Haien ustez, biztanleria orokorrak errealitatearekin zerikusirik ez duen beren erlijioen inguruko irudi estereotipatuta dute.
Zentzu horretan, erlijio-askatasunerako oinarrizko eskubidea ezin dutela behar bezala erabili eta Euskadin gutxiengo erlijiosoen errealitateak ezagutzeko eta aintzat hartzeko bide luzea egiteke dagoela salatzen dute.