Aranzadik eguzki-eklipse partziala ikustera gonbidatzen zaitu

Martxoaren 29an eguzkiaren ia laurden bat ezkutatuko duen fenomeno astronomikoa Euskal Herritik ikusi ahal izango da

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Martxoaren 29an astronomia zaleek Euskal Herritik ikusi ahal izango den eguzki-eklipse partzialaz gozatu ahal izango dute. Aranzadi Zientzia Elkarteak doako ekitaldi publiko bat antolatu du Donostiako Zorroagagainan dituen instalazioetan fenomeno astronomiko hori segurtasun osoz behatzeko.

Aranzadiko astronomia saileko Virginia Garcíak azaldu duenez, “eklipsea partziala izango dugu, eta eguzkian ikusiko duguna ‘hozkada’ moduko bat da astro honen goialdean. Eguzkia % 22 ezkutatuko da oraingo honetan. Eklipsearen lehen kontaktua goizeko 11ak aldera gertatuko da eta ezkutatze maximoa 11:30ak aldera gertatuko da, 12:30ak gertatuko delarik fenomeno astronomiko honen amaiera”.

Aranzadik antolatutako jardunaldia 10:00etan hasiko da eta astronomia-taldeko kideek hitzaldi bat emango dute elkartearen egoitzan bertan zeruko mekanika, eklipseak eta etorkizunean iristeke dauden fenomenoak azaltzeko. Ekitaldi hau doakoa izango da eta sarrera librea, lekua bete arte. Ondoren, eguraldi baldintzek horretarako aukera ematen badute, Aranzadiko kideek beren teleskopioak jarriko dituzte publikoaren eskura eklipsea zuzenean behatzeko. Eguraldi txarra eginez gero, behaketa alternatibo bat egingo da urruneko programa astronomikoen bidez, espezialistek emandako azalpenekin batera.

Eguzki-elipsea behatzeko neurriak

Bertaratutakoen segurtasuna bermatzeko, Aranzadik ISO 12312-2:2015 ziurtagiria duten betaurreko homologatuak erosteko aukera eskainiko du. Erakundeak bere egoitzako aparkalekua prestatuko du, nahiz eta gomendatzen duen garraio publikoa erabiltzea edo Ilunbeko aparkalekuan aparkatzea eta instalazioetara oinez joatea.



Osakidetzatik, Donostialdea ESIko Oftalmologia Zerbitzuko buruak azpimarratu du eklipsea babes egokirik gabe behatzeak dituen arriskuak: “Eklipsea ez da zuzenean behatu behar, ISO 12312-2 nazioarteko estandarra duten eguzki-iragazkiko betaurrekoak izan ezean. Era berean, ez da eklipsea zuzenean behatu behar kameren, erradiografien edo argazkien edo teleskopioen negatibo zaharren bidez, ezta eguzki-iragazki horiek ez dituzten beste gailu optiko batzuen bidez ere. Argi-izpi ultramoreek kalte egin diezaiokete makulari (erdiko ikusmen-eremua), fototoxikotasun zuzenagatik, eta horrek ez du atzera bueltarik”.

Aranzadiko Astronomia sailak adierazi du eklipse honek astronomia zaleentzat bereziki interesgarria den aldi baten hasiera markatzen duela. Saros izeneko zikloan sartu da gure lurraldea. Ziklo hori, gutxi gora behera, 18 urtero errepikatzen da eta ekialderantz mugitzen da. Hori dela eta, datozen urteetan eklipseak ikusi ahal izango ditugu gure paralelotik. Adibidez, 2026ko abuztuan Iberiar Penintsulatik ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa nabarmentzen da.

Advertisements