Nafarroak arrazakeriaren aurkako “Aniztasunak konektatzen gaitu” kanpaina abiatu du

2024an, Nafarroako Gobernuaren Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Arreta Zerbitzuak 267 diskriminazio-kasu artatu zituen

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Arraza-bereizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuak “Aniztasunak konektatzen gaitu” kanpaina aurkeztu du. Ekimenaren helburua da herritarrei dei egitea euren aurreiritziak gaindi ditzaten, gorrotozko diskurtsoei aurre egin eta arraza-diskriminazioaren aurka jardun dezaten.

Departamentuko sailburu Begoña Alfarok, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaletak eta Migrazio Politiketako zuzendari nagusi Marisol de la Navak aurkeztu dute kanpaina. Kanpainaren aurkezpen ekitaldian Alfaro sailburuak azaldu duenez, “arrazakeria ez da urruneko zerbait, ezta isolatua ere; egitura-kontua da, egunerokoa eta hemen gertatzen dena, gure kaleetan eta gure erakundeetan”.

‘Aniztasunak konektatzen gaitu’ kanpaina

Kanpainaren barruan sentsibilizazio-bideo bat dago, Sagone Films ekoiztetxeak egin duena Nafarroako GGKEen Koordinakundearekin lankidetzan. Bideo horrek erakusten du, gizartean ezarritako aurreiritzi eta estereotipoak gorabehera, pertsonen artean desberdintasunak baino gauza gehiago daudela haiek batzen dituztenak. Bideoak erakusten du, gure gizartean nagusi diren aurreiritzi eta estereotipoen gainetik, gehiago direla batzen gaituzten gauzak bereizten gaituztenak baino.



Gazteriaren partaidetza funtsezkoa izan da kanpainan. “Gazteriaren parte-hartzea funtsezkoa izan da aurtengo kanpainan, gizartea jadanik anitza dela erakusteko, eta Nafarroako gazteria da aniztasun hori ondoen irudikatzen duena. Izan ere, gazteen laurdena atzerrian jaio da, Nafarroako gizartearen batez bestekoa baino ehuneko handiagoa”, azpimarratu du Burgaletak.

Horrez gain, hainbat ekintza programatu dira Arraza-bereizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren inguruan, hala nola,

  • Asteazkenean onartutako adierazpen instituzionala
  • “Arrazakeriaren aurkako Zinema” zikloa
  • “Giza Liburutegiak” proiektua, Nafarroako hainbat tokitan arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako sentsibilizazio-topaketak antolatzen dituena.
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Arreta Zerbitzua

Marisol de la Navak 2024ko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Arreta Zerbitzuaren (SARX) datuak aurkeztu ditu. Iaz 267 kasu erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 138,8 gehiago, eta 3.567 esku-hartze egin ziren. Kasuen % 80,15 2024an bertan itxi ziren, eta % 19,85 izapidetzen jarraitzen dute. Kasuen % 4,49 gorroto-delitu ustezkotzat jo ziren, eta horietako lautik hirutan salaketa penala jarri zen.

Kasuen % 47,9 SARXen bulegoetan aurrez aurre erregistratu ziren, eta % 37,1 administrazio publikoko departamentu edo zerbitzu publikoetatik edo gizarte-erakundeetatik bideratu ziren. 39 udalerri nafarretan diskriminazio-gorabeherak erregistratu ziren, aurreko urtean baino lau aldiz gehiago, nahiz eta kasu gehienak Iruñean (% 64,2) eta Tuteran (%14,98) kontzentratu ziren.

Diskriminazio-agenteari dagokionez, kasuen % 36,7tan Administrazio Publikoa identifikatu zen ustezko erantzule gisa, eta kasuen % 10,49an funtzionario publiko bat izan zen. Diskriminazio-gorabehera edo ustezko gorroto-delituen esparrurik ohikoena komunikabideena izan zen (% 28,84), eta ondoren, zerbitzu publikoetarako sarbidea.



Kaltetuen artean, % 47,2 gizonak ziren, % 21,3 emakumeak, eta gehienak 26 eta 35 urte bitartekoak, nahiz eta biktimen artean adingabeen gorakada nabarmena izan den. Jatorriari dagokionez, arraza eta xenofobiaren ondorioz kaltetutako pertsonak nagusiki Marokotik (% 24,7) eta Aljeriatik (% 15) etorri ziren.

SARXen ekipo teknikoa 54 prestakuntza-ekintzatan parte hartu zuen 2024an, arrazakeriarekin eta xenofobiarekin, diskriminazioarekin eta arraza eta xenofobiak eragindako gorroto-delituekin lotuta.