
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Martxoaren 28ra arte zabalik izango da Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) antolatzen dituen aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak aurkezteko epea. 30.000 euroko aurrekontua duen ekimen honek gazteek egiten dituzten jarduerak sustatzea du helburu eta, horretarako, diruz laguntzen dira proposamen onenak. Proposamen bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
Aurrekontu parte-hartzaileak
Deialdian parte hartu ahal izango dute Nafarroan bizi diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteek, Nafarroako gazte-elkarteak eta Foru Erkidegoanerregistratutako dauden eta gazteentzako jarduerak garatzen dituzten erakundeek. Edizio honetan, gainera, nobedade gisa, Nafarroako Gazte Informazio Sareko bulego eta puntuek ere parte hartu ahal izango dute, baita 2024an Partaidetzari buruzko prestakuntza osatu duten toki-erakundeek ere.
Aurkeztutako proiektuek honako arlo hauetan ardaztu beharko dute: gazte-partaidetza, prestakuntza, gizarteratzea, kultura, berdintasuna, gazte-artea, osasuna edo etxebizitza. Funtsezko baldintza da ekimenak Nafarroako gazteria guztiari irekita egotea eta 2025. urtean zehar Nafarroan garatzea.
Behin Nafarroako Gazteriaren Institutuak proposamenak baliozkotu ondoren, online bozketa-aldi bat gaituko da apirilaren 4tik 14ra. Gazte Txartelaren titularrek botoa eman ahal izango dute, posta elektroniko bidez berretsi beharko dena. Babes handiena lortzen duten hiru proiektuak izango dira hautatuak.
Proposamenak aurkeztu nahi dituztenentzat, bai deialdiaren oinarri osoak, bai aurkezpen-inprimakia, bai prozesuaren fase desberdinen egutegia Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean daude eskuragarri.
2024ko irabazleak
2024an, proiektu irabazleek kultura, musika eta ekintzailetza eremuak landu zituzten.
“Manual de construcción” podcast kulturala, Naia Carlos, Leire Ipas eta Sergio Irañetak ekoiztua, joan den urtean bozkatuena izan zen proposamena da. Zortzi ataleko serie honek harrera nabarmena izan zuen plataforma digitaletan, hausnarketa eta gazteen arteko konexio espazio bat sortuz, landa-ikuspegiari arreta berezia eskainiz.
Baloratuena izan zen bigarren proiektua “Innovation Adventure” ekintzailetza kongresua izan zen, Innova Elkarteak koordinatua. Ekitaldi honek gazteak eta ekintzailetzan adituak bildu zituen Baluarten, gazteen lidergoa eta berrikuntza sustatzeko helburuarekin.
Azkenik, “La Princesse Jaune”, Iruñeko Gazte Orkestrak (JOP) koordinatua, hautatutako hirugarren proiektua izan zen. Ekimenak hamar eguneko musika-programa bat garatu zuen Baztanen, kontzertuak, tailerrak eta tokiko taldeekin lankidetzan egindako jarduerak barne. Gainera, sare sozialek gazteen ongizate emozionalean duten eraginari buruzko edukia sortu zuten, eskaintza kulturala deszentralizatzen eta gazteen eta musika klasikoaren arteko lotura indartzen lagunduz.