Pantailaren esklabo

Estatu mailan egin den ikerketa batek erakusten duenez, erabiltzaileen % 93k gailuren bat kontsultatzen du orduro jakinarazpenen bila

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Inoiz ikusi al duzu zeure burua arrazoi nabarmenik gabe mugikorra begiratzen? Erantzuna baiezkoa bada, lasai. Ez zaude bakarrik. Izan ere, martxoaren 7an ospatu zen Abstinentzia Digitalaren Nazioarteko Egunaren harira Amazon Kindlek egin duen azterlan baten arabera, Estatuko erabiltzaileen % 93k gailu edo pantailaren bat begiratzen ditu orduro jakinarazpenen baten bila. Zenbait kasutan, pantailekiko mendekotasuna haratago doa, eta, azterlanak jasotzen duenez, batzuek egunean 58 aldiz kontsultatzen dute mugikorra edo ordenagailua.

Pantailak ikusteko konpultsio edo behar horrek pentsa daitekeena baino sustrai sakonagoak omen ditu. Izan ere, pasa den urtearen hasieran Censuswide-k Estatuko 2.000 herritar helduri egindako inkesta baten arabera, konektatuta mantentzeko etengabeko presiopean bizi gara.

Oxford Unibertsitateko neurozientzialari eta psikologia klinikoko irakasle Mark Williams doktoreak portaera horren atzean dagoen mekanismo neurologikoa azaltzen du. Jakinarazpen bat entzuten edo ikusten dugunean, gure garunak berehalako arreta eskatzen duen premiazko zerbait bezala interpretatzen du. Fenomeno horrek alerta konstantean mantentzen du gure nerbio-sistema, eta antzekotasun handiak ditu adikzio-patroiekin. Izan ere, jakinarazpen bakoitzak plazeraren neurotransmisorea den dopaminaren askapen txikiak eragin ditzake eta horrek gure gailuak konpultsiboki berrikustera bultzatzen gaitu, alerta berrien zain.

Etengabeko etenaldi horiek kontzentrazio-gaitasunari eragiten diote. Jakinarazpen batek arreta galarazten digun bakoitzean, 60-90 segundo behar ditugu egiten ari ginen horretan berriro zentratzeko. Beraz, ez da harritzekoa inkestatuen % 71ek aitortzea maiz distraituak sentitzen direla beren gailuetan jasotzen dituzten alertengatik.



Produktibitateari ez ezik, pantailekiko gehiegizko esposizioak eragin negatiboa du gure atsedenean ere. Estatuko herritarren heren bat baino gehiagok (% 35) jakinarazpenak jasotzen jarraitzen du oheratzeko momentura arte, gutxi gorabehera 23:25etan. Horrek gurpil zoro bat sortzen du: atseden txarragoak estres handiagora darama, eta horrek aldi berean mugikorrekiko mendekotasuna handitzen du eta distrakzioak areagotzen ditu.

Ziklo horrekin amaitzeko, adituek teknologiaren erabileran muga argiak ezartzea gomendatzen dute. Onena litzateke edozein gailu itzaltzea edo hegazkin moduan jartzea oheratu baino gutxienez ordubete lehenago, eta logelatik kanpo uztea kontsultatzeko tentazioa saihesteko.