Irakurketa denbora: Minutu 1
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 35 ikastaro laburreko eskaintza berria aurkeztu dute. ‘Mikrokredentzialak’ izena duen eskaintza honen xede nagusia da egungo lan-merkatu aldakorraren beharrei erantzutea. Ekimena Europar Batasuneko Next Generation funtsek eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatzen duten Microcreds 2023-2026 Planaren barruan garatzen da.
Mikrokredentzialak-en ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
- iraupen laburreko ikastaroak dira (hamabost kreditu baino gutxiagokoak)
- enplegagarritasunera eta garapen profesionalera bideratuta daude
- kualifikazio handiko prestakuntzarekin eta beste prestakuntza edo akreditazio mota batzuekin zuzeneko harremana dute
Abantaila nagusietako bat da ikastaro batzuk “metagarriak” direla, hau da, zenbait prestakuntza-ibilbide osatzean goi-mailako akreditazioak lortu daitezke.
Lan-merkatura egokitutako eskaintza
35 ikastaro biltzen dituen hezkuntza-eskaintza hau diseinatzeko, aurretiko beharren azterketa bat egin zen lau lan-mahairen bidez. Mahai horietan parte hartu zuten, Nafarroako Gobernuak, kluster eta elkargo profesional ezberdinek, gizarte-eragileek eta gizatalde zaurgarriekin lan egiten duten erakundeek. Lankidetza-ikuspegi horrek zuzenean Nafarroako gizartearen eskaerei erantzuten dien prestakuntza-proposamen bat sortzea ahalbidetu du.
35 ikastaroak NUPeko ezagutza-eskemari jarraitzen dioten bederatzi gai-arlotan sailkatu dira:
- nekazaritza-elikagaiak
- zientziak
- ekonomia eta enpresa
- hezkuntza
- giza eta gizarte-zientziak
- industria
- informatika eta telekomunikazioa
- juridikoak
- osasuna
Guztira, 60 ikastaro eskainiko dira, ikastaro batzuk behin baino gehiagotan emango baitira.
Eskaintza bi talde nagusitan banatzen da. Lehenengo multzoan etengabeko prestakuntzako ikasketekin lotutako Mikrokredentzialak biltzen dira. Kasu horretan, ikastaro horiek metagarriak dira eta 2025-26 ikasturteari dagokion NUPeko titulu propio bat lortzea ahalbidetzen dute. Bigarren multzoan, berriz, ezaugarri horiek ez dituzten beste ikastaro guztiak biltzen dira.Ikastaro batzuetan izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta beste batzuetan laster irekiko da.








