Oxitozina: amodioaren eta loturaren hormona

Alemaniako Bonn Unibertsitatean burutu duten ikerketa baten arabera, sexu-harreman gehiago dituzten bikoteak elkarrekin denbora gehiago egoteko joera azaltzen omen dute. Arrazoia oxitozina izeneko hormona batean dagoela argudiatzen dute zientzialari alemaniarrek. Izan ere, aipatu hormonak sexu-harremanak estimulatzen ditu eta horiek aldizka izatean, gure gorputzean den oxitozina-maila altu mantentzea lortzen dugu. Egoera horretan, gure bikotekidea erakargarriagoa egiten zaigu eta, ondorioz, harreman monogamikoak bultzatzen dituzten loturak ere sendotzen omen dira.

Jakina den moduan, sexu-harremanetan, nagusiki, hiru neurotransmisoreen jariatzea ematen da: oxitozina, serotonina eta dopamina. Lehenak bikotekideen arteko lotura sustatuko luke. Serotoninak eta dopaminak, berriz, gogo-aldartean eta gozamenean eragiten dute, hurrenez hurren. Aipatu substantzia horiek bakarkako harremanetan ere azaltzen dira, baina tartean maite dugun kidea bada harreman hori sendotzen da. Izan ere, sexu-harremanek ez diote soilik behar fisiologiko bati erantzuten. Plazera ez ezik, sexu-harremanek zirrarak eta sentimenduak ere eragiten dituzte. Adituek garbi dute: sexu-harremanek on egiten diete amodiozko harremanei, nahiz eta amodiozko harremanetan sexu-harremanak beharrezkoak ez izan. Azken finean, amodioan, desira ez ezik, oroimenek, esperientziek eta etorkizunera begirako itxaropenek ere eragiten dute.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.