Irakurketa denbora: 2 Minutu
Bidaiatzea, lana erakustea eta beste herrialdeetako profesionalekin harremanetan jartzea askoz errazagoa izango da euskal sortzaileentzat. Etxepare Euskal Institutuak 654.000 euroko aurrekontua izango duten AT! laguntza berriak aurkeztu ditu, hainbat diziplinatako artista eta profesionalek aurten bertan euskal kultura gure mugetatik harago eraman dezaten.
Apirilaren 4an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako deialdiak nobedade garrantzitsuak ditu bere funtzionamenduan. Aurten norgehiagoka kendu da zenbait modalitatetan eta prozesua sinplifikatu da: nahikoa izango da ezarritako baldintzak betetzea dirulaguntza jasotzeko. Neurri horri esker izapideak arinduko dira eta eskatzaileen ziurgabetasuna ere murrizten du.
Antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta ikusizkoak
Laguntzak diziplinen araberako hainbat lerrotan antolatu dira. Lehenengoak, antzerkira, dantzara, musikara eta arte plastiko eta ikusizkoetara bideratua, 511.000 euroko aurrekontua du. Kopuru hori modu honetan banatuko da: 166.000 euro antzerkiarentzat (AT! Antzerkia), 90.000 euro dantzarentzat (AT! Dantza), 175.000 euro musikarentzat (AT! Musika) eta 80.000 euro arte plastiko eta ikusizkoetarako (AT! Arte plastikoak eta ikusizkoak). Laguntza horiek eskatzeko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.
Bestalde, bigarren lerroa zinemako (AT! Zinema) eta literaturako (AT! Literatura) profesionalei zuzenduta dago, 30.000 euroko zuzkidura bateratuarekin. Kasu honetan, eskaerak abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira edo aurrekontu erabilgarria agortu arte.
AT! Euskal dantzak eta abesbatzak
Gainera, maiatzean zehar beste hiru deialdi osagarri argitaratuko dira: ‘AT! Euskal dantzak eta abesbatzak’ 30.000 eurorekin, ‘AT! Euskal kultura’ 20.000 eurorekin eta ‘AT! Literatura-itzulpenak’ 63.000 eurorekin.
Dirulaguntzek mugikortasun, ostatu eta dietak estaliko dituzte 2025ean euskararen eremu geografikotik kanpo egiten diren jaialdi, kultura-gune, programazio edo jardueretan parte hartzeko, hala nola birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak eta egonaldiak.
Dirulaguntza hauek eskatu ahal dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta edo egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridikoek. Aurkeztutako lanak euskara hizkuntza nagusitzat duenean, Nafarroan edo Iparraldean helbidea duten pertsona edo erakundeak ere aurkeztu ahal izango dira.









