Etxepare Euskal Institutuak programa berezia prestatu du aurten Eskozian izango diren kultura festibal nagusietan euskal kultura aurkezteko. #ScotlandGoesBasque lelopean, programak literatura, arte eszenikoak, musika eta zinema jorratuko ditu eta, bide batez, Eskoziarekin harremanak estutzea bilatuko da. Diziplina anitzeko programa horrek euskal artista eta sortzaile garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko ditu Eskozian urtarriletik urrira bitarte.
Euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera emateko aukeratu diren festibalak honako hauek dira: Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Edinburgh Festival Fringe. Celtic Connections musika jaialdia urtarrilaren 17an hasi eta otsailaren 3an amaituko da. Bertan, besteak beste, Huntza, Oreka Tx, Korrontzi eta Kalakan euskal taldeek, eta euskal musikari batzuk barnebiltzen dituen Tosta Banda talde kulturanitzak parte hartuko dute.