Bilbo Gazte STEAM Egunak talentu teknologikoa bultzatuko du

Jardunaldian La Perrerako Maker Gunean teknologo gazteek egin duten R2-KT robotaren erreplika funtzional bat emango zaio La Cuadri del Hospi-ri

 Irakurketa denbora: 3 Minutu

Martxoaren 14an ospatuko da teknologia berriek gazteei eskaintzen dizkieten aukerak hurbiltzea helburu duen Bilbao Gazte STEAM Egunaren lehen edizioa. Ekitaldia La Perrera eraikinean izango da eta bi saiotan banatuko da: goizez, 09:30etik 14:00etara eta, arratsaldez, 18:00etatik 20:30etara. Sarrera librea izango da..

Ekimenak industria euskaldunak profil digitalak dituzten profesionalak gero eta gehiago eskatzen dituen testuinguru bati erantzuten dio. Gaur egun, industria-sektoreak profil teknologikoa duten 1.100 profesional inguru behar ditu Bizkaian. Euskadi da, Estatu mailan, horrelako profesionalen eskari handiena duen bosgarren autonomia-erkidegoa.

Programazio anitza eta interaktiboa

Jardunaldiak jarduera-eskaintza zabala izango du, La Perrerako espazio desberdinetan banatuta. Gazteek unibertsitateen, lanbide heziketako zentroen eta enpresa teknologikoen informazio-standak bisitatu, tailer praktikoetan parte hartu eta Bilboko gazte-taldeek egindako proiektuen erakustaldiak ikusi ahal izango dituzte.



Goizean, Konekta Aretoak hezkuntza-zentroen aurkezpenak hartuko ditu. Horien artean, pitching bat izango da, non ikasleek jasangarritasuna, gizarteberrikuntza edo diseinua bezalako arloetan ikerketa-proiektuak aurkeztuko dituzten. Halaber, La Perrerako IA&Robotics Laborategian egindako lana azalduko da, non ikasleek adimen artifizialean eta robotikan gradu-amaierako lanak eta master-lanak garatzen dituzten.

Arratsaldeko jardunaldian, First Lego League-n parte hartzen duten taldeek –modalitate desberdinetako 3 sariren irabazleak– euren lanen erakustaldi bat egingo dute bertaratzen den publikoaren eta familien aurrean. Egun osoan zehar, tailerrak, erakustaldiak eta drone soccer lehiaketak egingo dira.

Robot solidario bat ospitaleratutako haurrentzat

Lehen edizio honetako ekitaldi nagusietako bat izango da La Perrerako STEAM Guneko maker komunitateko gazteek fabrikatutako R2-KT robotaren erreplika funtzional batda La Cuadri del Hospi-ri ematea.  Pink Force Faktory izeneko ekimen honek  nazioarteko izaera du eta Pink Force Fundazioak sustatzen du.Proiektua minbiziaren ondorioz ospitaleratutako haur eta nerabeak laguntzeko R2-KT robotak eraikitzean datza. La Perreran parte hartzen duten gazteek dagoeneko adierazi dute unitate gehiago fabrikatzen jarraitzeko asmoa dutela, haur gaixo gehiagora iristeko.

Bilbao Gazte STEAM udal-estrategia

Ekitaldia Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak bultzatzen duten Bilbao Gazte STEAM estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren helburu nagusia da tokiko talentua eta bokazio teknologikoak sustatzea hezkuntza ez-formaletik eta genero-ikuspegi eta gizarte-ekitatearekin.



Azken bi urteetan, udalak hiru STEAM Gune jarri ditu martxan (La Perrera, Ramoni eta Esperantza), adimen artifizialeko eta robotikako laborategi bat La Perreran, eta STEAM programazioa hiriko auzo guztietako Kideguneetan eta Gaztegunetan.

Gaur egun, Bilbao Gazte markaren pean, 13 talde lehiatzen dira First Lego Leaguen, hiru Green Power-en eta bat World Robot Olympiad-en. Hau da, 9 eta 16 urte bitarteko 160 gazte inguru ari dira garapen teknologikoko proiektuetan parte hartzen.

Ekimen honek 2030erako gradu-titulazioen % 35 STEAM arlokoak izatea helburu duen Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiaren Euskal Planaren helburuei erantzuten die. Gainera, emakumeen parte-hartzea sustatzeari arreta berezia jartzen zaio, gaur egun, emakume gazteek unibertsitateko graduko STEAM matrikulazioen % 19 eta Lanbide Heziketako % 16 baino ez baitute ordezkatzen.

Jarduera eta tailerrak

Jardunaldiak STEAM tailer ugari izango ditu, bai goizez bai arratsaldez. Besteak beste, parte-hartzaileek beso robotiko bat programatzen ikasi ahal izango dute kuboak biltzeko eta pilatzeko, musika-produkzio digitalaren mundua esploratu, edo ultrasoinu-sentsoredun eta kontakturik gabeko irekitze automatikodun paperontzi adimendun baten maketa eraiki.

MakerGunean, drone simulagailuak eskainiko dira pilotaje-teknikak praktikatzeko eta 3D inprimaketaren erakustaldiak birziklatze-prozesuekin. IA & Robotics espazioak Unitree G02 robot kuadrupedoaren gaitasunak erakutsiko ditu aurrez programatutako koreografiekin.

Gainera, La Perrerako Plazan, martxoaren 15ean San Mames aurreko zabalgunean egingo den Green Power lasterketan parte hartuko duten autoen garapen teknikoa ikusteko aukera izango da.