Gazteentzako hezkuntza- eta aisialdi-instalazio berriak Bilboko alde zaharrean

La Esperanza ikaskuntza, sormena eta kirola sustatzeko diseinatuta dagoen udal ekipamendua da

Abian da jada ‘La Esperanza’, izen bereko Bilboko alde zaharreko kalean ireki berri den haurrentzako eta gazteentzako udal ekipamendua. Instalazio berriak bost solairu ditu eta hainbat gunetan banatuta dago: haurgunea, gaztegunea, liburutegia-mediateka eta frontoia.

La Esperanza giza-hezkuntzako, partaidetzarako eta hurbileko espazioa da, euskaraz ikasteko, esperimentatzeko, ondo pasatzeko eta sozializatzeko. Hiriko haur eta nerabeei zerbitzu eta jarduera ezberdinak eskainiko dizkie aipatu guneen arabera.

Adibidez, gaztetxoenek beren entretenimendu eta garapenerako berariaz diseinatutako gunea aurkituko dute haurgunean, beren adinerako egokitutako jolasgune eta tailerrekin.

Proposamenen artean, gazteek 3D inprimagailuak, josteko makinak, programatzeko software-a, ikus-entzunezko ekipoak, chroma, podcast, robotika… dituen maker laborategi batez gozatu ahal izango dute. Bertan, besteak beste, Elhuyar Fundazioarekin eta Bilbao Ekintzarekin batera garatutako ‘Bizilabe’ programan parte hartu ahal izango dute. STEAM tailerretan, berriz, jokoaren eta esperimentazioaren bidez, zientzia, teknologia, arte edo matematikaren esparruko gaitasunak garatu ahal izango dituzte. Horri esker, adibidez, taldeak sortu eta Innobasquek antolatzen duen First Lego Leaguen parte hartzeko edo Green Power-en lehiatzeko kotxe elektriko bat eraikitzeko aukera izango dute.

Kultura eta kirola

Kulturari eta aisialdiari dagokionez, liburutegi-mediatekak hainbat baliabidetarako sarbidea eskainiko die gazteei: liburuak, aldizkariak, filmak, bideojokoak… Ipuin-kontaketa, idazketa-tailerrak eta xake-eskola bezalako jarduerekin, espazio honek irudimenaren eta ezagutzaren babesleku izan nahi du.

Azkenik, kirolak ere garrantzi handia izango du La Esperanzan. Izan ere, ezin dugu ahaztu hemen frontoi bat zegoela. Horrela, eraberritutako frontoian euskal pilotaren modalitate ezberdinak praktikatu eta zabalduko dira. Bilbao Esperantza Pilotarekin elkarlanean, kirol hau hiriko gazteen artean sustatzeko helburu duen eskola bat sortu da.

Haurgunea eta gaztegunea arratsaldeetan eta asteburuetan izango da zabalik. Liburutegia-mediatekak eta frontoiak ordutegi zabalagoa izango dute eta gazteek horiek erabili ahal izango dituzte ikastetxetik atera ondoren eta asteburuetan.

Bilboko Udalak ia 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du hiru ardatz nagusi dituen azpiegitura berri honetan: erabileraren moldakortasuna, moldaerraztasuna eta zabaltasuna. Instalazio berriak, orotara, 1.270,77 metro koadro ditu.