Antzerkia ere gazteona da

Maiatza eta ekaina bitartean izango den Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren XXXV. edizioan izena emateko epea zabalik da

Donostia Gazteriak, Donostia Kulturarekin eta Kutxa Fundazioarekin batera, Gazteen Antzerki Topaketaren aurtengo edizioan izena emateko deialdia zabaldu du. Topaketaren xedea da gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea antzerkiaren sektorean.

Ekimena, maiatza eta ekaina bitartean garatuko da eta gazteek antzerkiarekiko duten interesa piztu nahi du, bai aktore edo sortzaile gisa, bai ikusle gisa. Horrela, Topaketak plataforma bat eskaintzen die parte-hartzaileei beren lanak hiriko hainbat agertokitan aurkez ditzaten, beren talentua modu profesionalean erakusteko aukera eskainiz.

Profesionalak ez diren taldeek bakarrik aurkez ditzakete proposamenak. Taldeko kideek 14 eta 30 urte bitartekoak izan beharko dute. Lehentasuna emango zaie Donostiako hezkuntza- eta kultura-zentroetako taldeei, bai eta hirian erroldatutako kideen erdia gutxienez duten talde independenteei ere.

Bi kategoria

Topaketak adinaren arabera banatutako bi kategoria izango ditu: Junior kategoria 14-18 urte bitartekoentzat; eta, Senior kategoria 18-30 urte bitartekoentzat. Aukeratutako lanak hiriko sei agertokitan antzeztuko dira: Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan, Gazteszenan (Egia Kultur Etxean), Lugaritz Kultur Etxean, Kontadores Gazte Zentroan eta Kutxa Fundazioa Klubean.

Proposamenak aurkezteko epea datorren martxoaren 11n amaituko da. Horretarako eskaera-inprimakia osatu eta antzezlanaren argazki adierazgarri bat bidali beharko dute gazteria@donostia.eus posta elektronikora.