BBK Live-ren eskaintza herrietara eta Bilboko auzoetara zabalduko da

Abanto Zierbenak, Amorebieta-Etxanok eta La Peña-Abusu auzoak doako kontzertuak hartuko dituzte ‘Herrian’ eta ‘Hirian’ egitasmoen eskutik

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Bilbao BBK Live-ekHerrian’ eta ‘Hirian’ ekimenen datak eta kokapenak iragarri ditu. Jaialdi nagusiaren atarikoak diren egitasmo hauek maiatza eta ekaina bitartean gauzatuko dira eta doako kontzertuak eskainiko dituzte Bizkaiko bi udalerritan eta hiriburuko auzo batean. Zehazki, ‘Herrian’ egitasmoak Abanto Zierbena bisitatuko du maiatzaren 17an eta Amorebieta-Etxano maiatzaren 24an. ‘Hirian’ egitasmoa, berriz, ekainaren 7an ospatuko da Bilboko La Peña-Abusu auzoan.

Herrian

Herrian egitasmoaren lehen geldialdia Abanto Zierbenan izango da maiatzaren 17an. Egun osoan zehar hainbat emanaldiez gozatu ahal izango da udalerrian izango diren bi agertokietan. Bertan izango dira, adibidez, Jimena Amarillo, pop emozionalaren erreferentea; Los Niños Jesús, Jordi Évole kazetariak zuzendutako bertsio taldea; Ben Yart, raparen belaunaldi-ahotsa; eta Confeti de Odio, bere pop malenkoniatsua eskainiz. Kartela osatuko dute Amatria, Galerna, Aimarz, Amona Molona, Las Petunias eta The Soulers taldeek.



Astebete geroago, maiatzaren 24an, Herrian Amorebieta-Etxanora iritsiko da Colectivo Da Silva-ren emanaldi batekin hasiko den jardunaldi batekin. Taldeak bere album berria aurkeztuko du Euskal Herrian. Bigarren hitzordu horretako kartela honako talde hauek osatuko dute: Pauline en la Playa, Los Deltonos, Leihotikan eta VVV [Trippin’ You]. Ahots emergenteen ordezkari izango dira, berriz, Marilia Monzón, Rakky Ripper, S T R eta Tiburona.

Hirian

Ekainaren 7an, larunbatean, Hirian egitasmoaren txanda izango da. La Peña-Abusu auzoan izango den jaialdiaren kartelean honako talde hauek daude: Javiera Mena, latinoamerikako pop elektronikoaren erreferentea; Ultralágrima; Parquesvr; Airbag; Los Bengala; Cápsula, Ziggy Stardust-i omenaldia eginez; eta PI L.T., euskal metal alternatiboaren erreferenteetako bat.

Egitasmo honen programazioan hiri-musika proposamenak ere bere tokia izango du Hens, LaBlackie, Kiliki eta Greta, Bad Gyal-en ahizparekin eta Mushkaa-rekin batera. Michael Foster-en eta Ruiseñora-ren soinuek musika aukera zabalduko dute, eta elektronikari eskainitako agertokiak Puñales, Sunny Wright IV, Miravalles eta Lamia Mari hartuko ditu.

Bilbao BBK Live jaialdia uztailaren 10, 11 eta 12an ospatuko da Kobetamendin. Eguneko sarrerak, bonuak eta kanpineko plazak dagoeneko eskuragarri daude jaialdiaren webgune ofizialean eta feverup.com webgunean.