EAEko sei pertsonetatik bat diskriminatuta sentitu da azken urtean

Ikuspegik argitaratu berri duen txosten baten arabera, Euskadiko herritarren % 16,6k azken hamabi hilabeteotan diskriminazioko gertakariren bat jasan izana aipatu du

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu berri du Euskadiko Diskriminazioaren inguruko Pertzepzio eta Jarrerei buruzko Inkestaren (EPADE) 2024ko emaitzak. 1.200 pertsonari egindako inkestetan oinarritutako azterketak agerian utzi du euskal biztanleriaren % 16,6k diskriminazio egoeraren bat jasan duela azken urtean.

Diskriminazioak gehiago eragiten die emakumeei

Datuek erakusten dutenez, diskriminazioak nabarmen gehiago eragiten die emakumeei (% 23,3) gizonei baino (% 9,4). Gainera, diskriminazioa jasan dutenen artean, soilik % 16,1ek aurkeztu du salaketa, kexa edo erreklamazio formalen bat. Salaketarik jarri ez dutenen kasuan, % 57k dio “ez duela ezertarako balio”. % 13,6k, berriz, horrelako kasuetan ez dakiela nora jo azaltzen du.

Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak azpimarratu duenez, “datu horrek agerian uzten du deskonexio larria dagoela diskriminazioa jasatearen eta erabilgarri dauden babes mekanismoen artean”. Diskriminazio gehienak espazio publikoetan (% 36,6) eta lan eremuan gertatzen dira: bai lanean bertan (% 21,6), bai lana bilatzerakoan (% 8,5).

Talde zaurgarrienak eta jarrera diskriminatzaileak

Azterlanaren arabera, siskriminazioa jasateko arrazoi ohikoena emakumezkoa izatea da (% 40,2). Herritarren % 26,7 izan da diskriminazio egoeren lekuko, kasu gehienetan atzerritar jatorria, etnia edo azalaren kolorea izanik horretarako arrazoiak.

Lan eremuan jarrera inklusiboak nagusi diren arren, zenbait talderekiko mesfidantza hautematen da oraindik. Biztanleriaren % 80 inguruk dio, baldintza berdin-berdinetan, baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonak, heterosexualak ez diren orientaziokoak, erlijio sinesmen desberdinak dituztenak, adinekoak, transak, desgaitasunen bat dutenak edo atzerritar jatorria dutenak kontratatzeko prest legokeela. Hala ere, babesa nabarmen jaisten da gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan (% 64,7) eta mailarik baxuenean dagoen ijitoen kasuan (% 62,3).



Etxebizitza alokatzeko garaian, egoera antzekoa da. Inkestatuen % 80k baino gehiagok dio etxebizitza alokatuko liokeela adinekoei, trans pertsonei, desgaitasuna dutenei, erlijio ezberdinetakoei edo heterosexualak ez direnei. Aldiz, baliabide gutxiko pertsonei soilik % 58,8k alokatuko lieke, eta ijitoen kasuan % 51k baino ez.