Irakurketa denbora: 3 Minutu
Bilboko San Mames inguruko zabalgunea ‘STEM Jaialdia’ bihurtuko da martxoaren 15ean, V. Bizkaia Greenpower Eco STEM Zirkuituarekin. Adin goiztiarretatik bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzea helburu duen hezkuntza-ekimen honetan estatuko eta nazioarteko geografia-puntu desberdinetatik etorritako 9 eta 25 urte bitarteko 500 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Alfonso Líbano Firestone Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko, Zornotzako eta Barakaldoko Udalek sustatzen duten ekitaldi honetan ikasleek beraiek diseinatutako eta eraikitako hogeita hamar bat ibilgailu elektrikok parte hartuko dute. Lehen aldiz, Bilbok hezkuntza-programa honetako kategoria guztiak bilduko ditu:
- Gobblins (9-11 urte)
- Formula 24 (11-16 urte)
- Formula 24+ (16-25 urte)
Bizkaia Greenpower Eco STEM
Aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian antolatzaileen ordezkariak izan dira:
- Alfonso Líbano Firestone Fundazioaren patrono Daniel Gómez
- Greenpower Iberiako lehendakariorde Paul Riley
- Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurko
- Bilboko Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Erroteta
Aurkezpen-ekitaldian, halaber, Jesuitinas Bilbao-Colegio La Inmaculada eta Madre de Dios Ikastetxeko ikasle-taldeak ere izan dira.
Bizkaia Greenpower Eco STEM Zirkuitua automobil-proba sorta batean datza. Horietan guztietan parte-hartzaileek erronka bikoitzari aurre egin beharko diote. Alde batetik, negozio- eta marketin-plan bat sortu eta garatu beharko dute; bestetik, lehiatuko diren ibilgailu elektrikoa sortu behar dute. Ikuspegi horrek aukera ematen die ibilgailuen diseinu eta eraikuntzarekin esperimentatzeko, baina baita enpresa-mundua esploratzeko ere, ekintzailetza sustatuz eta etorkizuneko mugikortasun jasangarrirako prestatuz.
Parte-hartzaileek eraikitzen dituzten ibilgailuei esker STEM trebetasunak (Science, Technology, Engineering and Mathematics) garatzeko aukera dute. Oinarri metodologiko honen gainean, antzeko kategorietako taldeek emaitzak alderatzen dituzte eta elkarren aurka lehiatzen dira, beti prototipo elektriko eta ingurumenarekin arduratsuak erabiliz.
Energia-efizientzia, arrakastaren gakoa
Lehiaketa honen alderdi aipagarrienetako bat da ez dela abiadura lehenesten, energia-efizientzia baizik. Horrela, irabazlea ez da autorik azkarrena, bateria kargatu gabe distantzia handiagoa egitea lortzen duena baizik. Modu horretan, energia eta ingurumen ikuspegitik gidatze efizientea sustatu nahi da. Hala, bada, bateria- eta motor-eredu bera izanik, aurrez ezarritako zirkuitu bati bira gehiago ematea lortzen duen ibilgailua saritzen du lehiaketak. Taldeek autoaren karrozeria pertsonalizatu dezakete, baita hainbat alderdi mekaniko eta elektriko ere, ibilgailuaren errendimendua hobetzeko.
Hazten ari den zirkuitua
Bilbon ez ezik, Euskadiko beste udalerri batzuetan ere jokatuko da aurtengo edizioa. Guztira, hiru lehiaketa egingo dira Bizkaian eta bat Araban. Gainera, martxoaren 23an, Zornotzak 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzako Gobblins lasterketa bat hartuko du. Barakaldo ere ekimenarekin bat egingo du ekainaren 8an Herriko Plazan ospatuko den lasterketa batekin.
Lehiaketekin batera, workshop-ak, erakustaldiak eta proiektuen aurkezpenak antolatuko dira Deustuko Unibertsitatean eta Bizkaiko hainbat udalerritan, non DBHko eta Lanbide Heziketako ikasleek garatutako finantzaketa-, marketin- eta kudeaketa-plan onenak aitortuko diren.
‘Gaitasun handien’ hautematea
Edizio honetako nobedade nabarmenetako bat Deustuko Unibertsitatearen parte-hartzea izango da. Hezkuntzako Fakultatearen bidez eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, unibertsitateak ikasleen “gaitasun handiak” hautematera bideratutako programa bat garatzen du. Eremu akademiko horretatik, bi prototipo garatuko dira, lan- eta bilera-espazio desberdinak utziko dira, eta proiektuaren esku jarriko dira ikasleei beren STEM talentua sustatzen lagunduko dieten mentoreak.
Nazioarteko proiekzioa duen proiektua
Greenpower Educación Trust Erresuma Batuan sortu zen 90eko hamarkadaren amaieran, 9 urtetik gorako haurrek trebetasun teknikoak, lidergokoak eta talde-lanekoak ikasi eta praktikatu zitzaten. Erronka nagusia da ibilgailu elektriko bat beren kabuz diseinatu eta eraikitzea, lehiaketa batean parte hartzeko.
Alderdi teknikoaz gain, ikasleek beren proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren babesle eta baliabideak bilatu behar dituzte, komunikazio- eta salmenta-trebetasunak ere landuz. Negozio-plan bat ere egiten dute, alderdi babesleei ingelesez prestatu eta azaldu behar dietena, proiektuari nazioarteko dimentsioa emanez.
1999an lehen lehiaketak antolatu ziren tokiko taldeekin Goodwood eta Silverstone zirkuituetan. Ordutik, mundu osoko taldeak eta herrialde askotako ekitaldiak gehitu dira, hala nola Estatu Batuak, Txina, India, Singapur, Portugal, Malaysia edo Polonia, besteak beste. Aurten, proiektuak hogeita bosgarren edizioa beteko du.









