Abian da Kutxa Fundazioa-Gordailua Bekaren IV. edizioa

Beka Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko egitasmoa da eta Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroarekin lankidetzan garatzen da

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroarekin lankidetzan, Kutxa Fundazioa-Gordailua Bekaren IV. edizioa jarri dute martxan. Ekimen honek 30.000 euroko dirulaguntza izango du Kutxa Fundazioaren eskutik, gehi 12.000 franko suitzar Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroaren aldetik.

Beka honen helburu nagusia da Gipuzkoako Kultura Ondarearen kontserbazioa, ikerketa, berrikuntza eta gizarteratzea sustatzea, kontserbazio- eta zaharberritze-arloan jasangarritasunari arreta berezia eskainiz. Horretarako, Europan erreferente den Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroarekin elkarlanean arituko dira.

Hiru fasetan garatuko den programa

Kontserbatzaileei eta kontserbazioan espezializatutako profesionalei zuzenduta dagoen beka honek 19 hilabeteko iraupena du eta hiru fasetan garatuko da:

  • Hasierako egonaldia (3 hilabete): Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare-bildumen zentroan (Irun), bertako metodologiak ezagutzeko eta garatu beharreko proiektuaren zehaztapenak finkatzeko.
  • Tarteko egonaldia (6 hilabete): Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroan (Affoltern am Albis), proiektuaren lehen zatia bertan garatzeko.
  • Azken egonaldia (10 hilabete): Gordailura itzulita, Suitzan lortutako ezagutza aplikatuko da kontserbazio eta zaharberritze arloan jasangarritasuna helburu duen proiektu zehatz batean.

Proiektuaren gaia bekadunaren, Kutxa Fundazioaren, Gordailuaren eta Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentroaren artean adostuko da.

Jasangarritasuna ardatz

Beka honen barruan garatuko diren proiektuek jasangarritasunarekin lotutako hiru ildo estrategikoetako bat jarraitu beharko dute:

  • Kultura-ondasunak garraiatu, biltegiratu eta erakusteko egokitu edo prestatzerakoan jasangarritasunari lotutako irizpideak.
  • Kontserbazio- eta zaharberritze-lanei aplikatutako material eta teknika jasangarriak ikertzea.
  • Artelanen kontserbazioaren kudeaketa jasangarrian berrikuntzak txertatzea.

Ekimen hau Kutxa Fundazioaren Ezagutza Biziz lan-lerroaren Garena programaren barruan kokatzen da, eta bere helburua da artearen sustapen, ezagutzaren garapen eta ondarearen kontserbazioarekin lotutako ekintzak bultzatzea.



Gainera, gizarte-berrikuntza sustatu nahi du, Gipuzkoako gizartearen erronka estrategikoei eta 2030 Agendari lagunduko dieten proiektu eraldatzaileen bidez.

Eskaerak aurkezteko epea

Interesa duten profesionalek maiatzaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dute haien eskaera. Deialdiaren oinarriak eta informazio osagarria Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren webguneetan daude eskuragarri.