Leire Aperribai: “Adimen gaitasun handiko ikasleei beraien premiekin bat datorren hezkuntza-programa bat eskaini behar zaie”

UPV/EHUko Psikologia fakultateko irakasle agregatua

Irakurketa: 7 minutu
Zer da, edo nola definitzen da, adimen gaitasun handiak izatea?

Adimen gaitasun handiak izateak, beste pertsonekin konparatuz, potentzial handiago bat izatea dakar. Pertsonok gaitasun kognitibo batzuk ditugu, animaliekiko alderatuz garatuagoak direnak, baina gure artean ere badira desberdintasunak. Adimen gaitasun handiko pertsona batek konplexutasun eta eraginkortasun handiagoko gaitasun kognitiboak izango ditu. Hori da, orokorrean, esan daitekeena, adimen gaitasun handiko pertsonek komunean dutena eta, hortik aurrera, aniztasuna da nabarmentzen den ezaugarria. Alde batetik, adimen gaitasun handiak modu desberdinetan garatuko dira, izan talentu soil edo konplexu gisa, edo izan gain dotazio gisa; hots, gaitasun edo potentzial horiek modu berezian eta errepikaezinean garatuko dira. Bestetik, bakoitzak bere nortasuna eta izaera izango ditu, izan barnerakoia edo lotsatia delako, izan kanporakoia eta berritsua delako, izan interes batzuk edo besteak dituelako… Hiru hitzetan: beste denok bezala. Oraindik ere mito eta estereotipoei aurre egin beharrean gaude.

Berez datorren zerbait al da? Hots, genetikoa da ala ‘ikas’ daitekeen zerbait al da?

Biak, noski. Guztiok bezala, konfigurazio genetikoa heredatu egingo du adimen gaitasun handidun pertsonak eta horri esker potentzial jakin bat izango du. Baina, ondoren, testuinguru egokia eta beharrizanak beteta izatea eta motibazioa mantentzea ezinbestekoak izango dira potentzial hori garatu ahal izateko, lantzen, ikasten edo garatzen ez dena kimatu egiten baita.

Gure artean ba al da adimen gaitasun handiak dituzten ikasle edo gazteen erregistrorik? Zenbat lirateke?

Bai, bada. Hezkuntza Sailetan egiten da ikasle horien erregistroa. Unibertsitate aurreko hezkuntza etapen konpetentzia autonomia erkidegoetako gobernuek dute. Horrela, Euskadin eta Nafarroan gobernu autonomikoek dute hezkuntzaren eskumen orokorra. Horiek dira neurri eta protokolo desberdinak bideratzen dituzten erakunde arduradunak, baita adimen gaitasun handiko ikasleei zuzendu beharrekoak ere. Beraz, erkidego bakoitzeko gobernuetako hezkuntza sailek euren berariazko erregistroa dute.

Euskadin, W67 aplikazioaren bitartez erregistratzen dira adimen gaitasun handiko ikasleak. Ondoren, datu horiek guztiak Hezkuntza, Lanbide-heziketa eta Kirolen Ministerioak jasotzen eta argitaratzen ditu. Horren arabera, 2022-2023 ikasturteko datuak kontuan hartuta (eskura ditugun azkenak), Euskadin hezkuntzako araubide orokorrean matrikulatutako ikasleak 366.001 izan dira (172.863 neska eta 193.138 mutil), eta horietatik 1.623 adimen gaitasun handikoak dira (482 neska eta 1.141 mutil), hots, matrikulatutako ikasleen % 0,44 (nesketan % 0,28 eta mutiletan % 0,59). Nafarroan, aldiz, matrikulatutako ikasleak 117.805 izan dira (56.764 neska eta 61.041 mutil), eta horietatik 846 adimen gaitasun handikoak dira (358 neska eta 488 mutil), hots, matrikulatutako ikasleen % 0,72 (nesketan % 0,63 eta mutiletan % 0,80).

Zure azterlanean ondorioztatu duzunez, adimen gaitasun handiak izateak ez du, halabeharrez, eskolan nota onak ateratzea ekarri behar. Zergatik?

Aurretik esan bezala, eta beste guztiek bezala, adimen gaitasun handiko ikasleak berariazko beharrizanak ditu, eta horien artean bere potentziala garatzearen beharra aurkituko litzateke. Bere gaitasunak garatzeko aukerak izan ezean, motibazioa galdu ahal izango du, eta ondorioz, ikasketekiko interesa. Eta denok dakigu interes ezak zer dakarren: arreta jartzeko eta kontzentratzeko zailtasuna, oroitzeko zailtasuna, eta abar. Horiek beharrezkoak dira gure hezkuntza sisteman nota onak ateratzeko, eta horien faltan, nota txarrak jasotzea ohikoa izango da.

Horrelako gaitasunak dituzten ikasleen artean ohikoa al da nota ez hain onak ateratzea? Posible al da nota onak ateratzea?

Aipatu bezala, kasu guztietan nota onen edo txarren atzetik eragiten duten bestelako faktoreak daude. Errendimendu akademikoa da gure jakintza eremuetan erabiltzen dugun terminoa, eta honetan eragiten duten faktoreen artean motibazioa, locus kontrola, autoestimua eta autokontzeptua egon daitezke, besteak beste. Adimen gaitasun handiko ikasleen ikaskuntza prozesuetan horiek ere eragiten dute. Beraz, ez da hain arraroa horien artean nota onak eta txarrak, denak azaltzea. Ez da hainbeste euren gaitasunekin edo ikasteko moduarekin lotura duen zerbait, baizik eta horien ondorioz dituzten beharrizanei ematen zaizkien erantzunek (egokiek edo desegokiek) faktore horietan sortzen dituzten eraginetatik (adibidez, motibazioa edo motibazio eza) errendimendu akademikoaren gaineko ondorioak (nota onak edo txarrak). Hau, noski, labur-labur esanda.

Ikerketan bi fenomeno aipatzen dituzu: muga edo sabai efektua eta arrakasta sentsazio faltsua. Horiek azaldu al dituzu?

Goian aipatutakoaren haritik, eta esan bezala, ikaskuntza prozesuak konplexuagoak dira eta ez dira soilik azalpen laburrekin aztertu behar. Faktore desberdinetan sortutako eraginen ondorioz efektu desberdinak sortzen dira. Izan ere, hezkuntzari lotutako diziplina zientifiko desberdinetan efektu horiek aztertzen aritzen dira. Adimen gaitasun handiko ikasleen artean azaldu izan diren fenomeno desberdinak dira muga edo sabai efektua eta arrakasta sentsazio faltsua.

Batetik, muga efektuari dagokionez, motibazioari eta ikasketekiko interesari zuzenean lotutako efektua dela esan dezakegu. Adimen gaitasun handiko ikasleek, beraien gaitasunei lotutako arloei buruz ikasteko aukerarik ez dutenean, euren jakin-mina ez dute asetzen eta aspertu egiten dira. Jakin-mina edozein ikasle motaren ikaskuntzaren ezinbesteko elementua bada, ikasle hauen kasuan are beharrezkoagoa da: modu naturalean bereziki jakin-min handikoak diren haurrak dira, bereziki erronkei erantzuten dietenak. Beharrizan horiei erantzun ezean, motibaziorik gabe sentitzen dira, eta eskolarekiko interesa izateari uzten diote. Ondorioz eskolan ez dute aurrera egiten, ez dute ikasteko ohiturarik garatzen eta ezagutzak sendotzea lortzen, eta horrek muga efektu batetara eramaten ditu ikasle hauek.

Bestetik, arrakasta-sentsazio faltsuari dagokionez, ahalegin gutxirekin emaitza akademiko onak ateratzearekin zerikusia du. Honen ondorioz, hiru dira sortzen diren eragin kaltegarriak. Lehenik eta behin, ez da ikasteko ohiturarik garatzen, eta horrek ondorio garrantzitsuak izango ditu epe luzera, hezkuntza etapetan aurrera egin ahala zeregin akademikoek ahalegin eta antolakuntza bat eskatzen dutenean, horrelakorik ez dakitelako, hots ez dutelako ikasten ikasi. Bigarrenik, adimen gaitasun handiko ikasleek oso azkar ikasten dute, baina inolako antolakuntzarik gabe eta ikasteko estilo desegokiekin emaitzak lortzen dituzte, eta ondorioz arrakastaz prokrastinatzen ikasten dute.

Azkenik, aurreko bien ondorioz, eskakizun akademikoak handiagoak izateko unea iristen denean (adibidez, unibertsitate-graduetan) errendimendua eta kalifikazioak jaisten dira, eta horrekin ikasle horiek izango duten amaierako curriculuma garrantzi gutxikoa eta ez erakargarria izango da (adibidez, bekak ematen dituzten erakundeentzat edo enplegatzaileentzat). Ondorioz, ikasle hauek mugatuta ikusiko dituzte euren potentziala garatzeko aukerak eta arrakasta-sentsazio faltsua garatuko dute.

Ikastetxe batek nola jokatu beharko luke horrelako ikasleekin? Komenigarria al da ikasle horiek elkartzea antzeko gaitasunak dituzten ikasleekin ikastetxe bakar batzuetan?

Hezkuntza sistemak legez betebeharrak ditu ikasle hauekin, justizian eta ekitatean oinarritzen direnak. Adimen gaitasun handiei hezkuntza erantzun aproposa emateko protokoloa jarraitu behar dute. Gure hezkuntza sistema inklusiboan antzeko gaitasunak dituzten ikasleak ikastetxeetan bakartzea ez da posible. Horrela, edozein dela ikastetxea, ikasle hauei, ikusmiraren erdigunean jarrita, beraien premiekin bat datorren hezkuntza-programa eskaini behar zaie, beraien potentzialean aurrera egin dezaten ahalbidetuz, eta ikasteko estilo eta ohitura onak hartzea bermatuz.

Garrantzitsua da euren intereseko gaiak jorratzeaz gain, lanerako ahalegina zer den ikastea, ondo egindako lanei balioa ematea eta ekarpenak egin ditzaketela sentitzea. Horrez gain, garrantzitsua da eurentzat aldizka adimen gaitasun handiko beste ikasleekin elkartzea, batez ere antzerako interesak dituzten horiekin, elkarren artean elkarrizketak, jarduerak, jolasak, bizipenak, pentsamenduak, sentimenduak eta abar partekatu ditzaketelako, eta hori pertsona guztion garapen sozioafektiborako ezinbestekoa da.

Adimen gaitasun handiak izateak zuzeneko lotura al du, adibidez, arreta-sindromea eta hiperaktibitatea bezalako nahasmenduekin?

Orain arteko ezagutza zientifikoak ez du horrelako baieztapenik babesten. Beraz, ezin da esan zuzeneko lotura dutenik. Baina badira honen inguruan argitu beharreko hainbat puntu.

Batetik, hezkuntza eremuan, eta ikasgelaren testuinguruan, ikasle hauek arreta galtzea gerta daitekeen zerbait da. Ikasle hauek duten jakin-mina ez bada mantentzen, interesa galdu eta arreta eskaintzeari uztea ohikoa izan daiteke. Arreta jarri ezean, akatsak egingo dituzte, irakaslearen orientabideei jaramonik ez diete egingo, eta abar. Baina arreta falta hori ez da arreta gabeziaren nahastearekin parekatu behar. Gainera, ordu luzez aspertuta, frustratuta eta leku berean egotea ez da erraza inorentzat, eta hiperaktibitateari lotutako antzerako portaerak azaldu ahal izango dituzte. Baina hemen ere ez dira horiek hiperaktibitate-sindromearen portaerekin parekatu behar. Aipatutako ezaugarri horiek, nahasmenera eramaten dute edonor, baita profesionalak ere eta, ondorioz, gerta liteke zuzena ez den ebaluazioa egitea, eta adimen gaitasun handiko haurra identifikatu ordez, arreta gabezia eta hiperaktibitatearen nahastearen hipotesien planteamenduak egitea.

Bestetik, nahiz eta adimen gaitasun handiak eta aipatutako nahasteak lotura zuzena ez izan, apartekotasun bikoitza ere errealitate bat da. Hau da, adimen gaitasun handia duen pertsonak, besteek bezala, diagnosi bat ere izan dezake: arreta gabezia eta hiperaktibitatearen nahastea, espektro autistaren nahastea, ikas zailtasunak (dislexia, disgrafia, diskalkulia, e.a.), besteak beste. Apartekotasun bikoitzeko haur eta gazteek, biak aintzat hartzen dituzten planteamenduak eskatzen dituzte. Egun ikertzen ari den eremua da hau, erronka garrantzitsua, beste edozein eremutan bezala, beti pertsona eta bere beharrizanak erdigunean jarrita, erantzunak behar dituen arloa baita.

Advertisements