Euskararen ezagutza gero eta handiagoa da. Euskal gazteriaren % 79,3k euskaraz ondo edo oso ondo moldatzen dela dio. 15-19 urte bitarteko gazteen artean ezagutza handiagoa da (% 85,2). Herrialdeka, Gipuzkoa (% 87,5) da, Bizkaiaren ( 75,6) eta Arabaren (% 72,9) aurretik, ezagutza handiena duena.
Zoritxarrez, ezagutza hori ez dator bat erabilerarekin. Adibidez, EAEko gazteen heren batek (% 36,2) bakarrik erabiltzen du euskara sare sozialetan. Kasu horretan ere erabilera altuagoa da Gipuzkoan, baina alde hori ez da bakarrik ezagutza mailaren araberakoa. Izan ere, euskaraz dakitenen eta sare sozialetan erabiltzen dutenen arteko aldea 38 puntukoa da Gipuzkoan, 45 puntukoa Bizkaian eta 48,8 puntukoa Araban. Ikus daitekeenez, sare sozialen kasuan, ezagutza eta erabileraren artean den arrakala oso handia da.
Adin-taldeei dagokionez, 20-24 urte bitarteko gazteak lirateke sare sozialetan euskara gehien erabiltzen dutenak. Emakume gazteek gizon gazteek baino joera handiagoa omen dute euskara erabiltzeko.
Eta gutxi badira euskara erabiltzen dutenak, zein hizkuntzetara jotzen dute beste gazteek? Bada, ia gehienek (% 96,2) gaztelaniara jotzen dute eta % 45,4k ingelesera.
Sare sozialetan euskara hizkuntza nagusia duten horien ehunekoa are baxuagoa da (% 9,6). Kasu honetan ere, gazte gipuzkoarrak dira sare sozialetan euskara hizkuntza nagusia dutela gehien diotenak (% 18,7). Bizkaian (% 5,2) eta Araban (% 3,6) kopuruak nabarmen baxuagoak dira.
Influencerak, youtuberak eta gamerak
Sare sozialen erabileraren hedapenarekin, influencer-ek garrantzi handia hartu dute.
Euskadin 15-29 urte bitarteko gazteriaren erdiak (% 52,1) influencer, youtuber edo gamerren bat jarraitu ohi duela dio. Gainera, laurden batek (% 24,4) dio horrelako pertsonaren bat jarraitu izan duela, baina orain ez. Kasu honetan, sexuaren arabera alde handiak ez badaude ere, ez da gauza bera gertatzen adin taldeekin. Horrela, gazteenak dira horrelako pertsonak gehien jarraitzen dituztenak. 25-29 urtekoen artean, berriz, heren batek dio ez duela inoiz influencer, youtuber edo gamerren bat jarraitu.
Ibai Llanos da, modu nabarmenean, euskal gazteek gehien jarraitzen duten pertsonaia. Jarraian, AuronPlay; María Pombo (emakume gazteek gehien jarraitzen duten pertsona) eta Illojuan aurkituko lirateke. Euskal gazteek jarraitzen dituzten beste influencer batzuk honako hauek lirateke: Sara Baceiredo, Jordi Wild, Ines Hernand, Ratolina, Telmo Trenado, Dulceida, Violeta Magriñan, Verdelis eta Andrea Compton.
Streaming musika
Euskal gazteen artean oso zabalduta dago musika streaming plataforma ezberdinen bidez entzutea. Zehazki, aurreko hilabetean Euskadiko gazteriaren % 72,1ek adierazi zuen musika entzuteko streaming aplikazioren bat erabiltzen duela. Kasu honetan, emakume gazteak dira baliabide hori gehien erabiltzen dutenak. 25 urtetik beherakoek ere egunero erabiltzen dituzte, 25 eta 29 urte bitartekoek baino gehiago.
Gazteen Euskal Behatokiak aurtengo azaroan egindako zenbait azterlanetatik atera dira inkesta horien datuak.