MusEkintza jaialdiak kartelaren hamargarren emanaldia eskainiko du ekainaren 10ean. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak “Kandelak” ikuskizuna hartuko du 12: 30ean, Garazi Etxaburu eta Jose Pablo Arriaga artisten eskutik.
“Kandelak” erakusketak dantza garaikidearen eta neurri handiko zurezko eskulturaren fusio paregabea eskaintzen du. Garazi Etxaburuk emango dio bizia Jose Pablo Arriaga artistak sortutako eskultura itzel bati. Koreografia, dardarkaria eta sotila, kandela baten sugarraren mugimenduetan inspiratzen da, esperientzia bisual eta emozional liluragarria sortuz.
Eskulturak, gainjarritako eta tolestutako geruzez osatua, esanahi ugari hartzen ditu jarduera garatu ahala. Haurdun dagoen emakume baten sabeleko azalaren metafora gisa interpreta daiteke, bizitza berri bat gordetzen eta babesten duen espazio sakratu hori. Hala ere, barruan ezkutatzen denari aurre egin behar izateko aukera ere adierazten du. Haurtxo baten jaiotza, ezkutuko larritasun baten agerpena edo gure izatean bizi izan diren antzinako mamuen askapena izan daiteke. Horiek ateratzea funtsezkoa da bete-betean bizitzeko.
Ikuskizunera joateko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea 946 255 451 zenbakian. MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean.
Diziplina artistiko ugari
Bizkaiko Foru Aldundiko museoak koordinatzen dituen BizkaiKOA foru erakundeak antolatutako MusEkintzak irailaren 10ean eskaini zuen bere lehen ikuskizuna, eta, horrela, diziplina artistiko ugari biltzen dituen jaialdiari hasiera eman zion. Jaialdiak hilero, joan den irailetik ekainera bitartean, Bizkaiko museo edo leku historiko bat zeharkatzen du, geldialdi bakoitzean ikuskizun desberdin bat eskainiz. Guztira, Bizkaiaren historiaz beteriko hamaika eszenatoki dira: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Muskizko El Pobaleko Burdinola, Bakioko Txakoli-Txakoligunea, Gernikako Euskal Herria Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Muñatones Gaztelua. Aurten, gainera, lau gune berri gehituko dira: Mariaren Bihotza plazako aztarnategia Bilbon, Berreginen Museoa, Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea eta Kortezubiko Santimamiñe.