Euskarabideak, Euskararen Nafar Institutuak, 915.000 euro banatu ditu Nafarroako 92 toki-erakunderen artean euskara erabili eta sustatzeko. Euskarabideak egindako dirulaguntza deialdia hiru modalitatetan banatuta zegoen. Lehenengo modalitatean aurrekontuaren kopururik handiena banatu da, 515.000 euro baino gehiago eta, horren bidez, jarduera soziokulturalak, errotulazioa eta argitalpenak, tailerrak edo prestakuntza-ikastaroak antolatzeko egitasmoak lagundu dira.
Bigarren modalitatean 207.000 euro baino gehiago esleitu dira. Modalitate horretan hainbat toki-erakundek elkarrekin egindako programak lagundu dira eta, nagusiki, Euskara Zerbitzua duten udal eta mankomunitateetara bideratu dira modalitate horretako laguntzak. Modalitate honetan diruz lagundu diren egitasmoak askotarikoak dira, hala nola, Ze Berri! Aldizkaria, merkataritzaren arloko programak, literatur lehiaketak, transmisio-kanpainak, eskolaz kanpoko haurrentzako tresna eta produktu digitalak, irakurketa-kanpainak eta ahozko erabilera sustatzen duten programak.
Azkenik, hirugarren modalitatean, euskara-zerbitzu tekniko berriak sortzeko eta finkatzeko gastuak, langileak prestatzeko ordezkapenak, hizkuntza-paisaiaren inguruko programa integralak, azterlan soziolinguistikoak eta hizkuntza-plangintzarekin lotutako hausnarketa- eta partaidetza-prozesuak lagundu dira. Kasu horretan, egitasmo horiek laguntzera bideratutako diru kopurua 191.000 eurotik gorakoa izan da.