Emakumeek gizonek baino gehiago kontziliatzen jarraitzen dute

Lana eta familiako bizitza bateratzea lan zaila da oraindik euskaldun askorentzat. Eta, bereziki, emakumeentzat, haiek ematen baitute denbora gehien seme-alabak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen. Izan ere, emakumeen % 51,1ek 5 ordu edo gehiago ematen ditu egunean adin txikiko seme-alabak zaintzeko; gizonen kasuan, berriz, ehuneko hori % 27ra jaisten da, eta gizonen % 42,7k 2 ordu edo gutxiago ematen ditu seme-alabak zaintzen.

Eustatek egindako “Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkestaren” arabera, Euskadin bizi diren pertsona okupatuen % 27,7k adierazi du zailtasun handiak dituela lana eta adin txikiko seme-alabak zaintzeko. Aldi berean, % 28,7k adierazi du zailtasun maila bera duela mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko orduan.

Lan egiten duten pertsonen % 24,9k ere hautematen du zailtasun maila handi hori, lana eta jarduera pertsonalak uztartu edo bateratu behar direnean. Kasu horretan ere, eta generoaren ikuspegitik, aipatzekoa da lana eta bizitzaren alderdi horiek uztartzeko zailtasun handia dutela adierazten duten landunen ehunekoa arinki handiagoa dela emakumeen kasuan gizonen kasuan baino. 

Gizon eta emakumeen arteko aldeak

Aldeak daude emakumeek eta gizonek seme-alabak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko ematen duten denborari dagokionez. 

Etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek, batez beste, 1,2 ordu gehiago ematen dute egunean horien zaintzan egoera berean dauden gizonek baino (4,6 eta 3,4 ordu, hurrenez hurren). 

 Gainera, emakumeen erdiak baino gehiagok (% 51,1) 5 ordu edo gehiago ematen ditu egunean bere seme-alabak zaintzeko; gizonen kasuan, berriz, laurdena (% 27) bakarrik iristen da ordu kopuru horretara eta gehiengoak (% 42,7) 2 ordu edo gutxiago ematen ditu.

Era berean, lanean ari diren pertsonek beren ardurapean diren eta mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko ematen dituzten orduei dagokienez, lanean ari diren emakumeek gizonek baino ia hiru ordu laurden gehiago ematen dute egunean (2,3 eta 1,6 ordu, hurrenez hurren).  Mendekotasuna duten pertsonei arreta ematen dieten pertsona okupatuen proportzioa % 12koa da gutxi gorabehera. 2019an jaso ziren datuak oso antzekoak izan ziren. Proportzio hori areagotu egiten da 55 urtetik gorako adin-tartean, % 22,7ra iristen baita. 

Noizbehinkako zainketak

Bikoteko bi kideek lan egiten duten etxeetan, aitaren edo amaren lanaldian adingabeen zainketa, % 90,4an, ikastetxeei dagokio;  % 4,4an gurasoetako baten bati eta  % 2,8an familiakoei edo ordaindu gabeko pertsonei. 

Familia horietan, noizbehinkako zainketa adingabeak, adibidez, lanaldian zehar medikuarengana eraman behar direnean, gaixorik jartzen direnean edo eskolarik ez dutenean, kasu gehienetan (% 68), bi gurasoen aldetik egiten da eta jarraian, amaren aldetik bakarrik (% 15), senitarteko edo ordaindu gabeko pertsona baten aldetik (% 12,1) eta aitaren aldetik (% 3).

Etxean egin beharreko lanak

Etxean egin beharreko lanen banaketan ere desoreka handiak daude lanean diren emakume eta gizonen artean. Hamar gizonetik ia bederatzik (% 84,8) bi ordu edo gutxiago ematen dituzte zeregin horietan, eta hamar emakumetik ia hiruk (% 29,9) hiru ordu edo gehiago.

Zorionez, gizonek eta emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan ematen duten denboraren arteko aldeari dagokionez, datuek erakusten dute azken 10 urteetan alde hori murriztu egin dela. Horrela, 2010. urtean  etxean egin beharreko lanetarako aldea ordubetekoa zen, 1,9 ordukoa seme-alaben zaintzan eta 2,4koa ardurapean diren pertsonen zaintzan. 2020. urteko datuen arabera, berriz, alde horiek 0,6 ordu, 1,2 ordu eta 0,7 ordukoak izan ziren, hurrenez hurren.

Zereginen banaketan den desparekotasun horren ondorioz, emakume landunen % 15,1 ez dago oso gustura bikotekideak etxeko lanetan ematen duen laguntzarekin. Gizon landunen ehuneko handi bat (% 69,6), berriz, oso gustura azaltzen da bikotekideak etxeko lanetan ematen duen laguntzarekin. Hala ere, edo agian horregatik, etxean egin beharreko lanei eskaintzen dion denborarekin oso gustura azaltzen den gizonen ehunekoa (% 46,5) eta emakumeena (% 45,2) oso antzekoak dira. 

Emakume landunen % 20k uste du amatasunak igoera aukeretan negatiboki eragin diezaikeela eta, berriz, gizonen % 7,3k soilik uste du aitatasunak modu nabarmenean eragin diezaiekeela.

Azpimarratzekoa da lanean ari diren emakumeek gogobetetze-maila handiagoa dutela seme-alaben zainketari dagokionez (% 64,1ek adierazi du gogobetetze-maila altua duela) eta mendekotasuna duten pertsonen zainketari dagokionez (% 45,4) lanean ari diren gizonek baino; horien artean, ehunekoak % 53,8ra eta % 48,9ra jaisten baitira, hurrenez hurren.  

Aitatasun-baimenak

Lanean diren gizonen % 14,6k uste du oso negatiboa izango litzatekeela aitatasun-baimena eskatzea. Hala ere, gizonen % 7,3k soilik uste du aitatasunak modu nabarmenean eragin diezaiekeela, eta emakume landunen
% 20k uste du amatasunak igoera aukeretan negatiboki eragin diezaikeela. 

Familia-arrazoiengatik eszedentziak edo lanaldi murriztuak eskatzeak lanbide-sustapenari eragiten diezaiokeen beldurra arinki handiagoa da emakumeen kasuan gizonen kasuan baino (% 30,5 eta % 26,5, hurrenez hurren). 

Lanarekin oro har den gogobetetzeari dagokionez, balorazio orokorra 7,3 puntukoa da (10etik), baina aldeak daude zenbait alderditan. Zehazki, lan-sustapenaren alderdian 4,5 puntuko gogobetetasuna lortu da; ordutegien malgutasunean, 6,5ekoa; eta, opor eta baimenen alderdian, 7,3koa. 

Biztanleria okupatuaren % 23,5ek, normalean, bere lanerako ezarritako edo aurreikusitako orduak baino ordu gehiago eman behar izaten ditu eta % 18,4k aldizka.

Tradizionalki, lanaldiaren luzapenak gizonei emakumeei baino gehiago eragin izan badie ere, pasa den urtean emakumeak izan ziren kaltetuenak. Horrela, aldizka lanaldia luzatu behar izaten duten gizon eta emakumeen kopuruak oso antzekoak diren bitartean (% 18,8 eta % 18, hurrenez hurren), iaz lanaldia normalean luzatu behar izan zuten emakumeen kopurua (% 24,4) gizonena (% 22,5) baino altuagoa izan zen.

Ildo berean, eta 2010.urteko datuekin alderatuta, azpimarratzekoa da lanaldia luzatu behar izaten duten langileen kopuruak gora egin duela. 


Ordutegi malgutasuna eta telelana

Lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzen duten neurrien artean, lehenik eta behin, biztanle landun gehienen eskura dauden aldi baterako lanera-ez-joateak aurkitzen dira eta, jarraian,  soldatarik gabeko egunak eskatzeko aukera. 

Gainera, “Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkestaren” arabera, pertsona landunen ia erdiak adierazi du ez zaiela zaila egiten eszedentziak eta lanaldi murrizketak eskatzea.

Lanetik ateratzeko ordutegiaren malgutasuna bizitza profesionala eta pertsonala bateratzeko beste tresna eraginkor bat da eta landunen heren batek erabili ohi du. Kasu horretan, gizonak dira (% 35,6) tresna horri etekin handiagoa ateratzen diotenak. 

2019. urteko datuekin alderatuta, inkestan jasotzen denez, ordutegi malgua duten pertsona landunen kopurua 10 puntutan jaitsi da. 2019an landunen % 42,7k baliatu zuen kontziliazioa errazten duen neurri hori, baina 2020an ehuneko hori % 32,6raino jaitsi zen.

Telelanari dagokionez,  eta aurreko urtearekin alderatuta, aldaketak nabariak izan dira, nagusiki, pandemiaren eraginez. Horrela, 2019an, landunen % 5,5ek, gutxienez, lan egunen erdian lan egiten zuen beren etxetik bertatik; 2020an, aldiz, ehuneko hori ia bikoiztu egin da, % 10,8ra iritsiz. Hala ere, egia da landun gehienek
(% 81,9) ez dutela neurri hori hartzen. 

Lanaldi motei dagokienez, Eustaten inkestak lanaldi zatitua duten pertsonen ehunekoa etengabe jaitsi dela erakusten du. Horrela, 2010ean, landunen % 41,5ek goizez eta arratsaldez bakarrik lan egiten zuen; 2020an, berriz, % 32,5ek. Igo da, beraz, lanaldi jarraia duten pertsona landunen kopurua, 2010. urteko % 51,1etik 2020. urteko % 55,7ra, hain zuzen ere. Lanaldi mixtoa dutenen kopurua ere hazi da azken hamar urte hauetan, % 7,4tik %11,8ra.

Azkenik, laneko lehentasunei dagokienez, lanean ari diren biztanle gehienek nahiago dute soldatapeko langileak izatea (% 85,6), autonomoak baino (% 14,4). Era berean, nahiago dute sektore publikoan lan egin (% 64,7) sektore pribatuan baino (% 35,3); aldiz, modu orekatuagoan aukeratzen dituzte enpresa handiak (% 56,2) eta enpresa txikiak (% 43,8).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.