Zenbat balio du ume bat izateak?

Ume bat izateak poztasun handia ematen du, baina, aldi berean, hainbat gastu ere dakartza. Ume bat izateak jada etxean diren hainbat gastu biderkatzen ditu eta, gainera, gastu berriak ere eragiten ditu. Gastu horiek umea hazten doan heinean aldatzen dira: sehaska edo fardelak erostea, eskola-materiala, garraioa… Beraz, zein izango litzateke ume baten hazieran oinarrizko beharrei erantzuteko gastatu beharko genukeen gutxieneko kopurua? Nola aldatzen da haziera-kostua umea hazten den heinean? Familia motak gastuan eragiten du? Zer gertatzen da gurasobakarreko familietan? Bizilekuaren arabera haziera-kostuak aldatzen dira?

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak Estatuan ume bat baldintza egokietan hazteko beharrezkoa den gutxieneko kostua kalkulatu du.

Familia gehienek euren seme-alabak ahalik eta baldintza onenetan hazteko borrokatzen dute egunero. Zoritxarrez, familia guztiek ez dute euren seme-alabei oinarrizko ongizate-maila emateko baliabide nahikorik lortzen. Save the Childrenek egin duen haziera-kostuaren kalkuluak gutxieneko ongizate hori lortzeko zer behar den eta zer falta den ezagutzeko aukera ematen du.
Gutxieneko kostu hori ezagutzeko umeen adina, bizilekua eta gastu mota bakoitzeko oinarrizko inbertsioa hartu dira kontuan. Jarraian, etxe mota eta adin tarte desberdinetarako oinarrizko beharretarako aurrekontu batetik abiatuta kalkulu bat egin da eta, gainera, elikadura, higienea, arropa eta oinetakoak, hezkuntza, aisia eta jolasak, osasuna, altzariak, etxebizitza, ohiko gastuak, garraioa, kontziliazioa eta ez-ohiko gastuak bezalako aldagaiak ere aintzat hartu dira

Haziera-kostua adinarekin hazten da

Save the Childrenek egin duen azterlanak azaltzen duenez, umeek dituzten beharrak adinarekin batera aldatuz doaz eta, horiekin batera, haziera-kostuek ere gora egiten dute, hileko batez besteko kostua 480 eta 590 euro artean kokatzen delarik. Horrela, 0 eta 3 urte bitarteko ume baten hileko haziera-kostua 479 eurokoa izango litzateke. 4 eta 6 urte bitarteko umeen kasuan, kostua 518 eurokoa izango litzateke eta 7 eta 12 urte bitartekoentzat 577 eurokoa. Kopururik handiena 13 eta 17 urte bitartekoentzat izango litzateke: 588 euro.

0 eta 3 urte bitarteko umeen kasuan, gasturik handiena kontziliazioari dagokio. Gastu hori, autonomia-erkidegoaren arabera, % 30 eta % 40 artean koka daiteke. 4 eta 6 urte bitarteko eta 7 eta 12 urte bitarteko umeen kasuan, sail altuenak hezkuntzari, elikadurari eta kontziliazioari dagozkienak lirateke. 13 urtetik aurrera, elikadura, hezkuntza eta ezohiko gastuen sailek gora egiten dute.
Umeen lehenengo hiru urteetan gastu nagusiak dira elikadurari, etengabe arropa berria erosteko beharrari eta altzariak erosi beharrari (sehaska, haur-kotxea…) dagozkienak. 4 eta 6 urte bitarteko haurren kasuan, berriz, umeak familiaren elikadurara gehitzen dira eta umetxoaren logela egokitu beharra dago. Haurraren jostailuak eta arropa ere etengabe egokitu beharra dago.

7 eta 12 urte bitarteko haurren kasuan, gastuek gora egiten jarraitzen dute. Normalean logela egokitzen jarraitu behar da. Adin tarte horretako haurrek gehiago jaten dute eta bat egiten dute familiaren dietarekin. 13 urtetik gorakoen kasuan, jostailuak alde batera uzten dira eta lagunekin egiten den bestelako aisialdi jardueretara jotzen dute. Janzkera nabarmen aldatzen da eta hainbat gailu elektroniko eskatzen dituzte. Elikadura-gastuek gora egiten jarraitzen dute.

Familia motak gastuei aurre egiteko modua baldintzatzen duela gogoratu behar da. Izan ere, egin beharreko esfortzu ekonomikoa ez da berdina familian bi pertsona heldu badaude, pertsona heldu bakarra badago edo familia ugaria bada. Adibidez, gurasobakarreko familietan kontziliazio-gastuak ohi baino altuagoak izan daitezke ez dagoelako beste pertsona batekin koordinatzeko aukerarik eta, seguruenik, diru-sarrera baxuagoak direlako.

Bizitza-kostu altua duten autonomia-erkidegoen kasuan (Madril, Katalunia, Euskadi eta Nafarroa) batez besteko kostua 626 eurokoa da. Bizitza-kostu ertaina edo baxua duten erkidegoetan, berriz, (gainerako guztiak) batez besteko kostua 536 eurokoa da, hots, hilero 90 euroko aldea dago. Alde handienak dituzten gastu-partidak honako hauek dira: hezkuntza-gastuak (% 29), etxebizitzako ohiko gastuak (% 22), ezohiko gastuak (% 15) eta kontziliazio-gastuak (% 13). Bizitza-kostuan diren aldeak adinarekin gora egiten dutela azpimarratu behar da.

Iristen ez direnak

Emaitza horiek hainbat familiak haziera-kostuei aurre egiteko dituzten zailtasunak erakusten dituzte. Izan ere, hainbat kasutan, haziera-kostuek familiak dituen kostuen ehuneko handi bat suposatzen dute, bereziki Espainian, non hileko gutxieneko soldata 900 euro ingurukoa den eta batez besteko soldata 1.600 euro ingurukoa den.

Espainian, haurren % 28,3 pobrezia-atalasean bizi dira, hots, 2,2 milioi haur baino gehiago. Familia-mailan, 18 urtetik beherako seme-alabak dituzten etxeen % 26,3 pobrezia-egoeran aurkitzen dira eta gurasobakarreko familien kasuan, kopuru hori % 40eraino iristen da.

Gutxieneko haziera-kostura iristen ez diren etxeen kopurua % 30ekoa da. Espainiako ia 700.000 etxetan ez dute ume bat baldintza egokietan hazteko diru-sarrera nahikorik eta, ondorioz, ezin dute euren seme-alaben ongizatea eta garapen egokia bermatu.

Laguntza gutxi

Save the Childrenek ezagutzera eman dituen datuek azaltzen dutenez, ume bat hazteko hileko gutxieneko kostua altua da, adinarekin hazten da eta zenbait autonomia-erkidegotan bereziki altua da. Familia askok, esfortzu ekonomiko handia egin arren, ezin dute euren seme-alabak baldintza egokietan haziko direnik bermatu. Familia zaurgarrienek, kasu gehienetan, Estatuaren prestazioak behar dituzte euren oinarrizko beharrak asetzeko. Hala ere, Espainian familientzako eta haurtzarorako diren prestazioak Europa mailan diren baxuenetakoak dira.

Helburu horretara bideratzen den prestazio nagusiaren kasuan, hots, ardurapean den umearengatik jasotzen den prestazioa, hileko 24 eurokoa da eta kopuru horrekin haziera-kostuaren % 5 besterik ordaindu ahal da.

Horregatik, gobernuz kanpoko erakunde horrek aipatu prestazioa 100 euroraino igotzea eskatu du. Kopuru horrekin, gutxieneko haziera-kostuaren % 19 ordaindu ahal izango litzateke.