“Espainian, emakumeen genitalen mutilazioa intzidentzia txikiko eta prebalentzia ezezaguneko arazo bat da, haur eta nerabe neskei eragiten diena”, azaldu du Catalina Perazzok, Save the Childreneko intzidentzia politikoaren ataleko zuzendariak.
Ezezagunekoa, horixe da azpimarratu nahi dudana. Askok uste dugu emakumeen genitalen mutilazioa beste batzuei dagokien indarkeria mota bat dela. Indarkeria mota lazgarri bat, guri, euskal gizarteari, eragiten ez diguna. Euskadin ez delako halakorik gertatzen; baina emakumeen genitalen mutilazioa guk uste duguna baino gertuago dugu.
Euskadin, 14 urtetik beherako 223 neska daude genitalen mutilazioa jasateko arriskuan, egin diren kalkuluen arabera. Bizkaia da arriskuan neska gehien dituen lurraldea (96). Eta haren atzetik datoz Araba (81) eta Gipuzkoa (46), Wassu-UAB Fundazioak 2019an egindako azterlan batean jasotzen denez.
Gainera, Osakidetzak argitaratutako azken datuen arabera, migratu aurretik genitalen mutilazioa jasan zuten emakumeen 129 kasu hauteman ziren EAEn 2018an eta 2019an. Guztizko kopuru horretatik 21 neskato hamalau urtetik beherakoak ziren. Kasu horretan ere, esklusiboki emakumeen aurkakoa den indarkeria mota hori jasan ondoren iritsi ziren gure lurraldera.
Horrelakoen aurrean, jarduketa-protokolo espezifikoak daude. Autonomia-erkidego bakoitzak bere jarduketa-protokoloa du, emakumeen genitalen mutilazioa izan daitekeen kasu bat identifikatzen denerako, eta badago estatuko protokolo bat ere, 2015ean onartua. Gurean, Osakidetzak jardunbide egokien gida bat landu du, horrelako indarkeria moten aurrean erantzuteko.
Hala ere, arazorik larriena indarkeria mota honen inguruko informazio falta eta ezjakintasuna dira. Gizartea ez da jabetzen bizilagun bat edo ikaskide bat indarkeria mota lazgarri horren biktima izan daitekeela; normalean hirugarren munduko herrialdeetan garatzen den jarduera lazgarri bat da, baina ez dagokio hirugarren munduari soilik. Garbi aldarrikatu behar dugu indarkeria hori emakume eta haurren zapalkuntza dela. Funtsezkoa da Nazioarteko Egun horiek agerian jartzea, horrek dakarren guztiarekin, batik bat nesken kontra doan indarkeria mota hori desagerrarazteko eta haien eskubideak babesteko.
Zer da emakumeen genitalen mutilazioa?
Emakumeen genitalen mutilazioa: “Emakumeen kanpo genitalak osorik edo partzialki erauztean datzan prozedura oro, bai eta medikoak ez diren arrazoiengatik emakumeen organo genitaletan eragiten diren bestelako lesioak ere”, Osasunaren Mundu Erakundearen definizioaren arabera. Otsailaren 6a Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Nazioarteko Eguna da.