Artikulu honekin hasteko galdera bat luzatu nahi dizuet: Nola parte hartzen dut nik gizarte honetan?
Hartu denbora, pentsatu eta aztertu nola ulertzen duzuen partaidetza zuen bizitzan. Nire kasuan, galdera hori nire buruan aztertzeko beste hainbat galderekin batera dator: Nola parte hartzen dut gaur egun? Nola parte hartu izan dut iraganean? Zerbait aldatu al da? Zein da nire papera? Nire inguruarekin alderatuta nolakoa da besteen partaidetza? … Hainbat izan dira burura ekarritako galderak, batzuk erantzun daitezkeenak eta beste batzuk denbora gehiago behar dutenak.
Urteetan zehar, parte hartzeko moduak eta ereduak aldatuz joan dira. Seguruenik, gure aiton-amonen partaidetza ereduak gurasoen ereduekin alderatuta aldaketak egongo ziren. Eta noski, gaur egungo gazteon partaidetza ereduak etengabe aldatzen dira. Azken aldian, askotan hitz egiten da partaidetzak ematen dituen eredu zein formei buruz. Horrez gain, asko aztertu da gazteen parte-hartzeaz, bereziki arlo kritikotik, gazteok parte hartzeari utzi diogula adieraziz.
Teknologia berrien eragina
Partaidetza gutxitu den edo eredu berriak behar diren aztertzea ez da batere erraza. Denboraren poderioz, gizarte osoa aldatu eta gure arteko sozializazio ereduak ere aldatu direla argi izan behar dugu. Horretan, digitalizazioak berebiziko garrantzia hartu du eta partaidetza moduetan ere zentralitatea hartzen doa egun. Gainera, teknologia berriak gure egunerokoan txertatu dira, batez ere pandemiaren ostean eta horiek partaidetzaren barruan txertatu beharko dira.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan hausnarketa horretan jarraitzen dugu. Pandemiak gogor jo du gizarteko hainbat sektoretan eta askotan aipatu dudan moduan, gazteengan ere. Gazteok parte hartzeko eredu berriak ditugu, baina urteetan existitu izan direnak ere mantendu ditugu: elkarteak. Horiek, lehen pertsonan jaso dituzte pandemiaren ondorioak, izan ere, denbora luzez etengabe haien eginkizuna moldatzen eta beraien egunerokoa baldintzatua dagoela ikusten egon behar izan dute, aurrez-aurreko harremanak galdu dituzte eta egoera pertsonalek ere elkarteetan erreleboak ematea ekarri dute. Bi urte gogor eta zail izan dira gazteontzako eta noski, gazte elkarteentzako.
Hala ere, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan tarte guzti honetan, gazte konprometituak ikusi ditugu, bai EGK osatzen duten elkarteetan zein beste hainbat elkarteetan ere. Gainera, askotan ikuspuntua gazte elkarteetan jartzen badugu ere, badaude hainbat eta hainbat gazte modu indibidualean eta haien kabuz beste elkarte batzuetan parte hartzen, ez direnak soilik gazte elkarteak. Horrek asko pozten gaitu ere, izan ere, oso kritikatuak izan gara partaidetzari buruz hitz egin denean eta ez da kontuan izan horren aurrean beste hainbat faktorek eragiten dutela.
Hizkuntza errazagoa
Alde batetik, ezinbestekoa da erabiltzen den hizkuntza gizartetik gertuago egotea, hori hurbilpenerako mekanismo bat izango baita eta gertutasun bat emango digu. Hori ez da bakarrik gazteok behar dugun zerbait, hau da, edozein pertsonak parte hartu ahal izateko hizkuntza erraz bat behar du lantzen diren gaiei buruz askatasun osoz hitz egin eta komunikatzeko. Bestetik, eta lehen esan bezala, erabiltzen diren eredu tradizionalak eguneratu eta etengabe berritu behar dira, metodologia berriak txertatuz. Europa mailan zein beste herrialdeetan martxan dauden metodologia eta ereduak anitzak dira oso eta horiek ezagutzea eta gurera ekartzea oso garrantzitsua da, betiere, partaidetzarako eremu seguru eta goxoak ahalbidetuz.
Gizarte moduan aldatzen garen heinean, gure balio demokratikoetan dagoen partaidetza aldatuz doa, bai forma zein eredu ezberdinetan. Herri bat bere gizarteak dituen input edo eskaera ezberdinei erantzun egoki bat emateko, ezinbestekoa da herritarrak entzutea eta horiekin batera lan egitea gizarteak aurrera pausoak eman ditzan. Beraz, horretarako gizarte kritiko bat eta partaidetzaren kultura sustatu behar dira.