Sarritan, elikagaiek sendagaien funtzioa betetzen dute. Adibidez, sagarrek hesteetako igarotzea eta urdaileko zenbait ondoez hobetzen laguntzen dute. Baina, egia al da zenbait elikagaik sexu-grina pizteko gaitasuna dutela?
Herrialde bakoitzak afrodisiakotzat hartzen diren elikagaien zerrenda luzea du. Batzuk itsasoko espezieekin dute lotura, beste batzuk frutak dira eta, azkenik, lurreko animalien zati zehatz batzuk daude.
Elikagai horiek afrodisiakotzat jotzen dira ongizatea eragiteko duten gaitasunagatik. Hortaz, plazer-sentsazioa eragiten duen dopamina neurotransmisorearen jariatzea eragiten duten elikagaiak afrodisiakotzat hartzen dira libidoa areagotzen dutelako.
Baina zer dute komunean elikagai horiek guztiek? Gai horretan sakondu duten ikerlanetan elikagai afrodisiakoak osatzen dituzten osagaiak aztertu dira afrodisiako gisa definitzen dituzten ezaugarriak identifikatzeko.
Kolesterola eta odol zirkulazioa
Horietako ikerketa batzuk agerian utzi dutenez, beren sexu-grina areagotzeko horrelako elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonen artean ohikoa da kolesterola eta triglizerido altuak dituzten pertsonak aurkitzea; hots, odolean den gantz-maila ohi baino altuagoa dute. Horrek, glukosaren maila desegoki bat izatea eragiten du eta, ondorioz, funtzio sexualak behera egiten du. Beraz, funtzio hori hobetzeko, komeni da kolesterola eta triglizeridoak jaisten dituen dieta bat jarraitzea. Ganbak, ostrak, arrainak, intxaurrak, almendrak eta, oro har, fruitu lehor gehienak, egokiak izan daitezke horretarako. Fruitu gorriak ere egokiak dira kolesterol txarra onean eraldatzen laguntzen duten antioxidatzaileak dituztelako.
Odol zirkulazioa ere garrantzi handia duen aldagaia da, nagusiki, gizonen kasuan, zakilaren tentetzeak odol zirkulazio egoki bat eskatzen baitu. Kasu horretan, txokolatea, te berdea eta alesagarra elikagai egokiak izan daitezke.
Orain arte azaldutakoaren baitan, berez, elikagai afrodisiakoak ez daudela esan genezake. Aipatu ditudan elikagai horiek guztiek ezaugarri sendagarriak dituzte eta osasun fisikoa hobetzen denean osasun sexualak ere hobera egiten du.
Hala ere, puntu honetan, garrantzitsua da azpimarratzea sexu-grina eta funtzio sexuala ez daudela soilik osasun fisikoaren baitan. Ostera, hein handi batean, osasun mentala are garrantzitsuagoa dela esan daiteke. Hortaz, afrodisiakotzat ditugun elikagaiak kontsumitzea lagungarri izan daiteke betiere onuragarri direla uste badugu.