Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Abian da Etxeparek eta Laboral Kutxak jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura obren itzulpen lanak aitortzea helburu duen sariketaren aurtengo edizioa. Lan irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, itzultzailearen eta argitaletxearen artean banatu beharko direnak. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren ekainaren 30ean amaituko da.

Sariketara mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke. Aurkezten diren lanek honako baldintza hauek bete behar dituzte: itzulpena 2022. urtean argitaratua izatea eta jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako lan baten itzulpena izatea.

Aipatu 4.000 euroko sariaz gain, irabazleak beste 2.000 eurora arte jaso ahal izango ditu sari-banaketa ekitaldira joateko edo saritutako lanaren promozioa egiteko.

Sariketa honen bidez Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak euskarazko literatura gure mugetatik haratago itzultzea eta argitaratzea sustatu nahi dute.

Pasa den urteko saria Mariolein Sabarte Belacortu itzultzaileak eta Zirimiripressek irabazi zuten. Sabartek Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ lana itzuli zuen nederlandarrera.