Dena prest EuskarAbenturaren aurtengo ediziorako

Aurtengo edizioan diasporako bi gaztek parte-hartuko dute: Valentziako mutil bat eta Buenos Airesko (Argentina) beste bat

Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbenturaren laugarren espedizioa. 16 eta 17 urte arteko 125 gaztek, Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik eta diasporatik etorriak, oinez zeharkatuko dute Euskararen Lurraldea, uztailaren 31ra arte. Euskaratik eta euskaraz, 400 kilometrotan zehar, euskal geografia ezagutzera eramango dituen espedizioa egingo dute, non kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna bezalako baloreak indartuko dituzten.

Azler Garcíak eta Iñigo Urrestarazuk, UPV/EHU eta Iker-eko ikerlariek, edizio honetan zehar, parte-hartzaileen ahoskeraren bilakaera aztertuko dute, espedizioaren aurretik, bitartean eta ondoren bildutako datuetan oinarrituta. Horiekin batera, Irati Fernandez euskara teknikaria arduratuko da EuskarAbenturak gazteen hizkuntza-erabileretan eta -jarreretan duen eraginari buruz Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen ikerketaz.

Taldea

Askotariko errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletatik etorritako gazteek osatuko dute aurtengo espedizioa. Jatorriari dagokionez, gehienak Bizkaitik etorritako gazteak izango dira (45). Gipuzkoarrak 30 izango dira eta jarraian, nafarrak (26), arabarrak (12), lapurtarrak (5), behe-nafarrak (3) eta zuberotarrak (2) aurkituko lirateke. Aurten, gainera, diasporatik etorritako bi lagun ere izango dira. 2019. Urteko edizioan izan ziren azkenekoz diasporako gazteak.

Espedizioa osatuko duten gazteen artean neskak dira nagusi; 72 neska eta 52 mutil izango dira aurtengo ibilbidea osatzen.

Gazte-taldearekin batera, 30 profesionalek osatutako lantaldea joango da: 2 koordinatzaile, 10 xerpa (begirale), 4 xerpa-laguntzaile, 2 xerpa-buru, 3 mediku, 2 erizain, 2 gidari, euskara-teknikari 1, 2 argazkilari, kameralari 1 eta komunikazio arduradun 1.

Ibilbidea

Aurtengo edizioak, 32 herri zeharkatuko ditu guztira, eta horietatik zazpi lehen aldiz ikusiko dute marea laranja: Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Xabier, Irunberri, Urrotz, Iruña, Gares, Añana-Gesaltza, Argantzun, Gasteiz, Araia, Zerain, Ataun, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Amaiur, Baiona, Urruña, Donostia, Getaria, Deba, Ekainberri, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Sukarrieta, Bermeo, Bilbo eta Getxo.