Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak orain arte hiru egoitzatan eskaintzen zituen zerbitzuak egoitza bakar batean zentralizatuko ditu. Egoitza berria Paulino Caballero kalean den Kirolaren Etxean izango da eta egokitzapen lanetarako aurrekontua milioi bat euro ingurukoa izango da.
Orain arte Euskarabidea hiru egoitzatan banatuta egon da. Eskiroz kaleko egoitzan Itzulpen Saila dago. Bertan, 63 langilek egiten dute lan. José María Iribarren Ikastetxean, berriz, Prestakuntza Saila dago eta bertan, 21 langilek egiten dute lan. Azkenik, Yanguas eta Miranda kaleko egoitza dago. Bertan gainerako beste zerbitzu guztiak aurkitzen dira eta 18 langilek egiten dute lan.
Egoitza-aldaketa azken urteetan Euskarabideak izan duen aurrekontuaren hazkundeari esker emango da. Izan ere, 2015. urtean zen 2,8 milioi euroko aurrekontutik aurtengo 6,9 miliotara pasatu da Euskararen Nafar Institutua.
Euskarara zuzendutako aurrekontuaren hobekuntza ekonomikoari esker euskararen ikaskuntzan eta gizarte-erabileran oso garrantzitsuak diren sektoreetako laguntzak berreskuratu ahal izan dira. Laguntza horien hartzaileen artean daude komunikabideak, gizarte-ekimeneko erakundeak, pertsona helduentzako irakaskuntza-zentroak edo tokiko erakundeak, euskara-planak garatzen dituztenak. 2015eko 147.000 euroetatik 2018ko 2.380.000 euroetara pasatu da.
Euskararen gizarte-erabilera, lan-eremuko erabilera edo teknologia berrien baitako erabilera sustatzeko laguntzak sortzeko bidea ere eman du; eremu horietan, 2015eko 0 eurotako aurrekontutik 240.000 eurotara pasatu da aurten.
Aurki abiatu beharreko lanen artean daude, besteak beste: monitoreak eta hezitzaileak prestatzeko euskarazko gida baten edizioa, prestakuntza-ikastaroak antolatuz; teknologia berrien erabilera ezagutzera emateko ekintzak edo ondare ez materialaren zabaltzea euskaraz, “Ane eta ohe hegalaria” haurrei zuzendutako antzerki-obra kasu, iragan Gabonetan estreinatu zena.