Nafarroak Eusko Ikaskuntzarekin duen konpromisoa berritu du

Aurten Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatzen da. Hori dela eta, duela 100 urte erakunde hori sortu zuten lau erakunde publikoek (EAEko hiru Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak) ekitaldi bat ospatu dute Bizkaiko Foru Aldundian. Aipatu ekitaldian Eusko Ikaskuntzaren sorrera errepasatu zuten eta hasierako helburuekin bat eginik (“sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak biltzeko, zientziarekin eta kulturarekin, berrikuntzarekin eta aurrerapen kolektiboarekin duten konpromiso partekatu batek lotuak”), lau erakundeek Eusko Ikaskuntzarekin duten konpromisoa berritu dute. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo izan zen ekitaldian.

Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorok aipatu duenez, “herritarren kezkei erantzunak ematen jarraitzeko lanean dihardu erakundeak, ikasketatik, ikerketatik eta desberdinen arteko eztabaida irekitik abiatuta”.

Eusko Ikaskuntzaren Urteurrenaren Batzorde Antolatzaileko presidente Xabier Alkortak, berriz, urtemuga ospatzeko ekitaldi-programaren berri eman zuen. Azpimarratzekoak dira, adibidez, honako ekintza hauek: 1978an Eusko Ikaskuntzaren berpiztearen protagonista izan ziren kideei aintzatespena, azken 100 urteetako jardueraren inguruko liburu baten argitalpena eta antzerki-obra baten estreinaldia. Gainera, udazkenean Eusko Ikasketen XVIII. Kongresua ospatuko da Oñatin “Geroa Elkar-ekin” lelopean. Kongresu horrekin amaiera emango zaio Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren ekitaldiei.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.