HiTZ zentroa CLARIAH-ES azpiegituraren burua izango da

Giza eta gizarte zientzietan, informatikan, adimen artifizialean, hizkuntzaren teknologietan eta beste hainbat diziplinatan adituek osatzen dute CLARIAH-ES.

UPV/EHUko Hitz zentroa izango da Giza eta Gizarte Zientzietako Europako ikerketa digitalerako CLARIAH-ES azpiegituraren burua eta koordinatzailea.

CLARIAH-ES diziplina anitzeko talde batek osatzen du; besteak beste, honako arlo hauetako adituek osatzen dute: humanitateak eta gizarte-zientziak, informatika, adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologiak.

UPV/EHUren HiTZ zentroak, proposamenaren buru eta koordinatzaile gisa, CLARIAH-ES-en bulego teknikoa barne hartuko du. Bulego tekniko horretako ikertzaileek honako zeregin hauek izango dituzte:

  • kudeaketa eta koordinazio lanak;
  • azpiegiturak sakabanatzea (hitzaldiak, mintegiak, tailerrak eta abar antolatzea);
  • ikertzaileei azpiegitura horien erabilerari buruzko prestakuntza ematea;
  • azpiegituraren nodoaren mantentze operatiboa (datuak, zerbitzuak, aplikazioak, eta abar);
  • azpiegiturak ustiatzea ikertzaileei laguntza zerbitzua emateko;
  • ikertzaileen eskaerak bideratzea eta artikulatzea zerbitzu eta proiektu berriak sortzeko;
  • CLARIAH-ESen gainerako nodoekin koordinatuta proiektuak garatzea azpiegitura datu edo zerbitzu berriekin handitzeko;
  • eskualde, nazio, Europa edo Latinoamerikako ikerketa-proiektu berriak garatzea, eta abar.

Eraldaketa digitalaren egungo testuinguruan, Humanitateen, Arteen eta Gizarte Zientzien arloko azterlanak, ikerketak eta garapenak azpiegitura zientifiko eta teknologikoak eskatzen dituzte, testu-, ikusmen-, zenbaki- eta/edo soinu-datuen tratamendu konputazionala ahalbidetzeko. Azpiegitura horiek eleaniztasuna, elkarreragingarritasuna, baliabideen mantentzea eta berrerabilpena, zientzia irekia, ikusgarritasuna eta lankidetza zientifikoa sustatzen dituzte Europan; horrela, ikerketa-komunitateen zatiketa gainditzea ahalbidetzen dute, haien ikerketaren inpaktua areagotuz.

Une honetan, honako hauek osatzen dute CLARIAH-ES partzuergoa: Euskal Herriko Unibertsitatea, Santiagoko Unibertsitatea, Alacanteko Unibertsitatea, UNED, Superkonputazioko Zentro Nazionala, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Jaengo Unibertsitatea, Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitatea, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua eta Espainiako Liburutegi Nazionala.

CLARIAH-EUS

CLARIAH-EUS Europako partzuergo baten euskal nodoa da, euskarari buruzko ikerketa eta euskarazko ikerketa bultzatzeko azpiegitura, bai Giza Zientzietan, bai Gizarte Zientzietan, betiere, Europako bi ikerketa-azpiegiturekin lankidetzan (CLARIN-ERIC eta DARIAH-ERIC). Azpiegitura horien parte izanik, ikertzaileek Europako ikerketarako instalazioak izango dituzte eskura. Horien artean daude Europako estandarrak, datuak, tresnak, konputazioa, metodoak, intereseko komunitateak, proiektuak edo egitasmoak. Horrela, Estatuko edozein ikertzailek eskura izango ditu, bere ordenagailutik, hodeian tresna digital eta adimen artifizialeko tresna aurreratuenekin ikertzeko beharrezkoak diren teknologiak, azpiegiturak eta baliabideak.