“Dantza KM0” ekimenaren lehenengo edizioa

Aiara Iturrioz, Cecilia Dávila, Jorge Moro eta Urko Fernández dantzaren talentu gazteak Gasteizko Felix Petite Antzokian arituko dira abenduaren 28an

Datorren abenduaren 28an, 19:00etan, “Dantza KM0” dantza-jaiaren lehenengo edizioa izango da Gasteizen. Proyecto Larrua dantza konpainiak antolatutako ekitaldi horren helburua da tokiko talentua nabarmentzea eta ikusaraztea. Aldi berean, artisten eta publikoaren arteko lotura ere sustatu nahi da, Araban dantzaren kontakizun bat sortzen lagunduz.

Hortaz, ekimenak jaioterritik kanpo beren karrerak egin dituzten Gasteizko dantzako profesional gazteak bildu nahi ditu. Tokiko talentua ardatz izanik eta bertako artistei laguntza indartzeko helburuarekin, “Dantza KM0” ekimenak sorkuntza lekuaren eta kontsumo lekuaren arteko distantzia murriztu nahi du.

Tokiko talentua

Felix Petite antzokian egingo den galak bakar-saioak, bariazioak, duetoak eta bestelako proposamenak eskainiko ditu, esperientzia dinamiko, fresko eta berritzaile bat sortzeko, tokiko talentuarekin konprometitua. Gasteizen jaiotako lau dantzari izango dira protagonista: Jorge Moro, Aiara Iturrioz, Celia Dávila eta Urko Fernández.

Estilo aniztasuna nabarmenduz, Jorge Morok mundu mailako estreinaldiko dantza garaikideko bakar-saio bat aurkeztuko du. Moro, José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan hezia, nazioartean nabarmendu da Hofesh Schecter eta Sharon Eyal koreografo ezagunekin lan eginez.

Aiara Iturriozek, baita José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan hezia, Moacir Oliveirarekin partekatuko du agertokia dantza klasikoko pieza batean. Iturrioz, Stuttgarteko John Cranko Schulen graduatua, gaur egun Stuttgarteko Balletean dihardu.

Celia Dávilak, Dantza Konpainia Nazionaleko David Lozano dantza-kidearekin batera, ballet emanaldia eskainiko du. Dávilak ibilbide nabarmena izan du, eta nazioko eta nazioarteko lehiaketetan aintzatespenak jaso ditu.

Urko Fernándezek dantza garaikideko proposamen bat ekarri du “Dantza KM0” galara. Urko Fernándezek bere ibilbidearen zati bat Austriako eta Alemaniako dantza konpainietan egin du. 2022aren hasieran Espainiara itzuli zen “Mamma Mia!” musikalean eta orain “Chicago”-n abentura hasteko.

Emanaldi horiez gain, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko 5. eta 6. mailako ikasleek ere parte hartuko dute ekitaldian, Gasteizen dantzaren prestakuntzan eta sustapenean egindako lana omentzeko.

Proyecto Larrua

Proyecto Larrua duela zortzi urte sortu zen Dantza Garaikideko konpainia profesional gisa. Jarduera honetarako oinarriak zerotik ezarri nahi zituen, sorkuntza artistikotik, bitartekotzatik eta dantza-prestakuntzatik abiatuta, eta hori guztia dantza garaikidea hurbiltzeko, elikatzeko, erakusteko eta herritarrekin partekatzeko helburuarekin. Gasteizen oinarritutako beste dantza-konpainiarik ez zegoen garaian, konpainia honek bidea ireki zuen etorkizunean beste konpainia eta profesional batzuek beren jarduera artistikoa garatzeko hiritik atera behar izan ez zezaten.