Nola eragiten du estresak gure sexu-harremanetan?

Gure familia edo lagunengandik aldentzea, gure lan-errendimendua murriztea edo lo egiteko zailtasunak izatea estresa izateko faktoreak dira.

Estresak alerta-egoera batera eramaten gaitu. Hori, hainbat kasutan, beharrezkoa izaten da arrisku-egoeretan borrokatu ahal izateko, ihes egiteko edo gure gorputza bizirauteko prestatzeko. Muturreko egoeretara joan gabe, estresa beharrezkoa izaten da proiektu bat epe barruan aurkeztu behar dugunean edo ezkontza bat prestatu behar dugunean. Izan ere, horrelako alerta-egoerari esker testuinguruak eskatzen digun baldintza berriei azkar egokitzeko gai izan gaitezke. Baina egoera hori denboran gehiegi luzatzen denean arazoak sor daitezke.

Gaur egungo eskakizunak eta bizi-erritmoa handiak dira: lanaldi luzeak; lana, familia eta bizitza sozialaren arteko oreka aurkitzeko zailtasunak; edo geure buruari estandar altuak lortzeko jartzen diogun beharra dira estresa eragin dezaketen aldagai nagusiak. Gure familia edo lagunengandik aldentzea, gure lan-errendimendua murriztea edo lo egiteko zailtasunak izatea estresa izateko faktoreak dira.

Desoreka hormonala

Estresak desoreka hormonala dakar, eta horrek eragina du gure emozioetan eta portaeran. Gure gorputzean diren estrogeno eta androgeno mailek behera egiten dute. Bi hormona horiek zuzeneko lotura dute gure sexualitatearekin eta emakumeoi zein gizonei eragiten die, baina modu ezberdinean. Emakumeon kasuan, honako hauek lirateke sintoma nagusiak: lubrifikazio falta, libidoaren jaitsiera, mina genitaletan koitoak irauten duen bitartean eta orgasmora iristeko zailtasunak. Estresa pairatzen duten gizonen kasuan, berriz, sintoma nagusiak honako hauek lirateke: eiakulazio goiztiarra eta erekzioaren disfuntzioa

Sexu-harremanetan zailtasunak izateak estres handiagoa eragin dezake, gurpil zoro batean eroriz. Horrelako kasuetan, sexu-ekintzan kontzentratzeko ezintasuna, bikotekidearekin konektatzeko zailtasunak edo koitoaz gozatzeari uko egitea bezalako egoera mentalak azaltzen dira.

Gurpil zoro hori ekiditeko modurik egokiena prebentzioa da. Horretarako, gure egunerokotasunean izan ditzekegun estres- eta antsietate-mailei arreta jarri eta, ahal izanez gero, horiek ahalik eta gehien murriztu beharko genituzke kaltegarriak izan daitezkeen ondorioak ekiditeko. Bizimodu osasuntsua izateak, osasuntsu jateak, gustuko jarduera fisikoren bat egiteak eta meditazioak egiteak zure ongizate fisiko eta mentalari mesede handia egingo diote. Ez ahaztu ondo lo egiteak, atseden hartzeak eta erlaxatzeak mesede egin diela, bai zure buruari, bai gorputzari. Eta neurri horiek guztiak nahikoak izango ez balira, komenigarria litzateke ahalik eta lasterren psikologo baten laguntza eskatzea.