Lau euskal gaztetik batek jokatu edo apustu egiten du

Euskal gazteriaren % 24,9k azken urtean ausazko jokoetan eta apustuetan jokatu du; % 47,5ek, berriz, bizitzan zehar noizbait jokatu duela dio.

Apustuak eta ausazko jokoak, dirua tartean delarik, euskal gizartean errotuta dagoen ohitura bat da. Izan ere, herri kiroletan, apustuak ezinbesteko elementuak izan dira mendeetan zehar.

Gaur egun, euskal gazteriaren ia laurden batek (% 24,9k) azken urtean ausazko jokoetan edo apustuetan aritu dela onartzen du. Denbora tartea bizitza osora zabalduz gero, horrelako jokoetan aritu diren gazteen kopurua ia bikoiztu egiten da (% 47,5). Beraz, % 52,5 ez da inoiz horrelako jokoetan aritu. Jokoaren Euskal Behatokiak ‘Gazteak eta Jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021’ txostenean jaso dituen datuak dira.

Biztanleria osoarekin alderatuta jokoan aritzen den gazteriaren ehunekoa oso handia ez bada ere –biztanleriaren % 70,5 jokatzen du ausazko jokoetan, bereziki loterian– jokoarekin harremana duten patologiak garatzen dituzten gazteen kopurua modu kezkagarrian hazi da azken urteetan. Bilakaera horrek zuzeneko harremana du joko motarekin eta egiten diren apustuekin. Gainera, sakelako telefonoen erabilerak horrelako mendekotasunak sortzeko aukerak biderkatzen ditu, nolabait ere, poltsikoan kasino bat izatearen antzekoa baita.

Ondorioak

Txostenean aipatzen diren ondorioen artean, azpimarratzeko da jokoan aritzen diren gazte gehienak gizonezkoak direla. Gizon gazteen % 60,3k jokatu edo apustu egin du noizbait; emakume gazteen kasuan, kopuru hori % 34,4raino jaisten da. Gainera, gazteek lagunartean jokatzeko ohitura dute: % 45,2k taldean egiten du eta % 15,6k lagunen batekin. Eta kezkarako datu bat: une honetan, euskal gazteriaren % 3,2k jokoarekin harremana duen arazoren bat du.

Loteria Nazionala (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5), kasinoko jokoak (% 16,9) eta txanpon-makinak (% 12,1) dira gazteek gehien aukeratzen dituzten aurrez aurreko jokoak. Online jokoen artean, berriz, honako hauek dira gazteak gehien erakartzen dituztenak: kirol-apustuak (% 57,9), loteria primitiboa (% 9,9) eta online kasinoa (% 8,9).

Jokatzeko motibazioa

Horrelako jokoetan aritzeko arrazoi nagusia dirua irabazteko aukera da. Hamar gaztetik seik arrazoi horregatik jokatzen dutela adierazten dute. Dibertimenduak, tradizioak (loteriaren kasuan bezala) eta lagunek jokatzeak ere bultzatzen dute gazteria jokora.

Gazte gehienek (% 69,1) aurrez aurreko jokoaren alde egiten jarraitzen dute, sozializatzeko aukera ematen dielako eta, oraindik ere, kanal horretan konfiantza handiagoa azaltzen dutelako. Hala ere, gero eta gehiago dira online jokoaren alde egiten duten gazteak (% 10,1) eta baita bi modalitate horiek uztartzen dituzten gazteak (% 20,8). Online jokatzen duten horien artean, gehiengoak (% 50,6k) bakarka egiten du. Gainera, aurrez aurreko jokoetan aritzen diren gazteekin alderatuta, online aritzen diren horiek, batez beste, diru gehiago xahutzen dute; 45,6 euro eta 64,6 euro, hurrenez hurren. Ausazko jokoetan gastatutako diruak adierazten du, halaber, online jokoan aurrez aurreko jokoan baino gastu handiagoa dagoela. Batez beste, euskal gazteek astean 13,13 euro eta hilean 45,67 gastatzen dituzte aurrez aurreko ausazko jokoetan eta apustuetan. Online jokoaren kasuan kopuru horiek altuagoak dira: 19,72 euro astean eta 64,66 euro hilean.