15 urtez ahaztutako esklabo naufragoen historia

Donostiako Euskal Itsas Museoak kilometro koadro bakarreko uharte batean abandonatu zituzten 80 esklabo malgaxeren inguruko erakusketa hartuko du

760ko azaroan, Baionan eraikitako Ekialdeko Indietako Konpainia Frantsesaren Utile ontzia, Frantzia uharterantz abiatu zen (egungo Maurizio uhartea). 1761eko uztaileko gau batean, nabigazio-akats baten ondorioz, ontzia Indiako Ozeanoan hondoratu zen, zehazki, kilometro koadro eskasa duen Sable Île uhartean.

Bertan bi hilabete eman ondoren, tripulazioak Madagaskarrera itzultzea lortu zuen hondoratzearen hondarrekin eraikitako inprobisatutako ontzi batean. Baina bertan 80 esklabo malgaxe utzi zituzten. Haien bila bueltatuko zirela agindu zieten, baina ez zuten beren hitza bete. Hamabost urtez ahaztuta egon ondoren, Tromelin izeneko alferez batek zuzentzen zuen frantziar itsas armadako korbeta batek bizirik jarraitzea lortu zuten zazpi emakume eta zortzi hilabeteko haurtxo bat erreskatatu zituen.

Istorio horren inguruko argibideak ematen dituen erakusketa ikusgai izango da Donostiako Euskal Itsas Museoan datorren urtarrilaren 8ra arte. Ikus-entzunezkoen, objektu arkeologikoen, maketen eta irudien bidez, ‘Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea’ erakusketak uharte horretan bertan egin zen indusketa arkeologikoaren emaitzak aurkezten ditu. Bertan aurkitutakoak gizakiarengan berezkoak diren alderdi krudelenaren eta bizirauteko gaitasunaren adierazle dira.

Indusketa

Uhartetxoan egindako indusketan errautsak eta ikatza aurkitu zuten. Beraz, esklabuek sua egitea lortu zuten. Antza denez, harrizko pizgailuak erabili zituzten eta, batez ere, ontziaren hondarretatik lortu zuten pinuzko eta harizko zura. Frantziar arkeologoek hainbat animalien hezurrak ere aurkitu zituzten, nagusiki, dortokena eta txenadena.

Erakusketa Nanteseko Historia Museoaren eta Frantziako Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionalaren (Inrap) arteko elkarlanaren emaitza da eta Frantziako hainbat hiritan izan ostean, lehen aldiz bisitatu ahal izango da Frantziatik kanpo. Erakusketan euskaldunok itsasoan jazotako hainbat gertakizunetan izandako ardura ikus daiteke. Hor daude, adibidez, gaur egungo ikuspegitik deitoragarriak diren jarduerak, hala nola, Afrikako esklaboen nazioarteko trafikoa.