Planetak bizi duen larrialdi klimatikoaren ondorioak agerikoak dira duela zenbait urte. Horregatik, gobernuek eta erakundeek kontzientzia hartzea funtsezkoa da, baita herritarrek ere.
Ildo horretan, Fernando Moleres argazkilariak bere “Melting Landscapes / Urtzearen aztarnak” egitasmoa aurkeztuko du Gasteizko Atarian. Erakusketa osatzen duten 34 argazkiek klima-aldaketaren inguruan hausnartzera gonbidatzen dute. Moleresen xedea da klima-aldaketak eta bere ondorioek ekartzen duten kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzen garapenean laguntzea. Bere lana, nagusiki, poloetan eta glaziarretan ardazten da.
Argazkiek izotz-paisaien desagertze isila azaltzen dute. Prozesu hori etetea energia ekoizteko, kontsumitzeko eta banatzeko moduaren erabateko eraldaketa eskatzen du. Komunitate zientifikoaren gehiengoaren arabera, Industriaurreko tenperaturarekiko bi gradu zentigraduko igoera da gure planeta itzulerarik gabeko puntutik bereizten duen distantzia. Une honetan, jada, 1,1 graduko tenperaturara iritsi gara.
Fernando Moreles, 1963. urtean jaio zen Bilbon. Hainbat urte eman ditu Lurreko hainbat eremutan tenperaturaren igoerak dakarren arazoa irudikatzen eta jendaurrean azaltzen. 2014. urtean bere ibilbidea hasi zuenetik, hainbat hedabidek eman dute Artikoan eta Antartikan egin duen bere lanaren berri.