Klima-aldaketaren inguruko argazki erakusketa Metro Bilbaoren eskutik

Glasgowko Klimaren Goi Bilera dela eta, azaroaren 15era bitartean Bilboko Zazpikaleak metro geltokian “Melting Landscapes / Urtzearen aztarnak” argazki erakusketa ikusgai izango da. Erakusketa osatzen duten argazkien egilea Fernando Moleres da eta Artikoko hainbat paisaia jaso ditu bere argazki-kameran klima aldaketak dituen ondorioen inguruan hausnarketa egiteko.

Paisaia izoztuak

Erakusketaren xedea da atmosferaren berotze globala eragiten duten berotegi-efektuko gasen emisioek gure planetan eragiten duten klima-aldaketak dituen ondorioei buruzko hausnarketa egitera gonbidatzea. Erakusketak bat egiten du azaroaren lehen hamabostaldian Glasgowen burutzen ari den Klimaren Goi Bilerarekin. Bertan, mundu osoko agintariek klima-krisian eman diren urratsak ebaluatuko dituzte eta, aldi berean, etorkizunera begira, erronka hori gainditzeko beharrezkoak diren neurriak adostu beharko lituzkete. Fernando Moleresen argazkiek aintzinean sortutako izotzezko paisaiekin hasten den serie narratibo bat osatzen dute. Paisaia horiek desagertzear dira berotze globalaren ondorioz. Poloetan ematen ari den berotze horrek, bertako izotzean ez ezik, munduko klima erregulatzen duten ozeanoetako korronteetan ere eragiten du. Klima-aldaketa geldiarazteko edo leuntzeko ezinbestekoa da pentsamolde aldaketa bat eta energia sortzeko, kontsumitzeko eta banatzeko moduen erabateko eraldaketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.