Ehun ekoizpen baino gehiagok parte hartuko dute Gasteizko Gaztefilm Fest-en bosgarren edizioan

GazteFilm Festek, Gasteizko gazte eta umeentzako zinema jaialdiak, bere bosgarren edizioa ospatuko du aurten, azaroaren 19tik 28ra bitartean, mundu osotik etorritako 100 ekoizpen baino gehiagorekin. Zine jaialdi honen programazioaren ezaugarria da zirkuitu komertzialetan erakusten ez den mundu osoko gazte eta umeentzako ikus-entzunezko lan garaikideak ekartzea. Guztira, 1.700 film luze eta film labur aurkeztu dira.

Emanaldiak Montehermoso Kulturunean, Zabalgana Gizarte Etxean, Artium museoan, Vital Fundazioa Kulturunean, Baratza Aretoan, Saman eta Satélite Tabernan izango dira.

Zinhezbak eta Kalakalab-ek antolatzen duten jaialdia da eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntza du.

Emanaldiak ikusteko 3 euroko sarrera ordaindu behar da. Sarrerak www.gaztefilmfest.com webgunean eros daiteke, edo lehiatilean emanaldiak hasi aurretik.

Bi asteburutan

Jaialdiaren programazioa bi asteburutan banatuko da. Azaroaren 19tik 21era bitartean 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lanen txanda izango da. Azaroaren 26tik 28ra bitartean, berriz, 12 urtetik gorako gazteei zuzendutako lanak ikusi ahal izango dira.

Haurrei zuzendutako filmen sail ofizialean Linda Hambäck-en ‘Apstjärnan’ filma ikusi ahal izango da euskaraz. Film horretan, adopzioaren lana jorratzen da ikuspuntu harrigarri batetik. Sail berean euskaraz ikusi ahal izango den beste lan bat John Sheedy-ren ‘H is for Happiness’ filma izango da. Lan horrek neskato alai eta baikor baten istorioa azaltzen du. Sail ofizialaren barruan, baina gazteleraz, honako bi lan hauek ere ikusi ahal izango dira: Anne-Lise Koehler-ek eta Éric Serre-k animalien eta horien berezitasunen inguruan egin duten ‘Bonjour Le Monde!’ dokumentala eta adiskidetasunari buruz hitz egiten duen Susanne Finkenen ‘Zu weit Weg’ film dibertigarria.

Gazteen sail ofiziala

Gazteen sail ofizialean film bakarra ikusi ahal izango da euskaraz: Katerina Gornostai-ren ‘Stop-Zemila’. Bertan heldutasuna helmuga duen protagonistaren bidaia ikusi ahal izango da. Beste hiru lan izango dira sail honetan: Fanny Liatard eta Jérémy Trouilh-en ‘Gagarine’ filma; Inés Barrionuevoren ‘Camila saldrá esta noche’; eta, Suzanne Lindon-en ‘Spring Blossom’.

Film laburrei dagokionez, aurtengo edizioan 30 lan baino gehiago izango dira lehian. Horiek guztiak lau multzotan banatu dira.

Aldi berean, talentu berriak aurkitzeko bi atal berezi izango dira: ‘Umeek sortutako filmak’ eta aurten estreinatuko den ‘Gazteek sortutako filmak’. Jaialdia, beraz, sei atal ofizialetan banatuko da eta ikusleak izango dira, euren botoekin, sail bakoitzaren irabazlea zein den erabakiko dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.