Bilbo da kutsadura gutxien duen munduko hirietako bat. Horrela jasotzen du irabazi asmorik gabeko Berkeley Earth erakundeak egin berri duen azterlan batek. Kalifornian den erakunde horrek airearen kutsaduraren eta mundu osoko tenperaturaren inguruko datuak biltzen ditu.
Hirietan den kutsadura-maila zehazteko, erakundeak hainbat alderdi aztertzen ditu, adibidez, airearen kalitatea eta 2,5 mikra baino gutxiagoko partikula esekien kontzentrazioa (PM 2,5) metro kubiko bakoitzeko.
Sailkapena egiteko, ikerketaren arduradunek bakarrik kontuan hartu dituzte denbora errealean airearen kalitatearen inguruko datuak ematen dituzten 250.000 biztanle baino gehiagoko hiriak.
Baldintza horiek betetzen dituzten hiri guztien informazioa bildu ostean Berkeley Earth-ek kutsadura gutxien duten 40 hirien sailkapena argitaratu dute. Sailkapen horren arabera, munduan kutsadura gutxien duten lehenengo hiru hiriak Australian daude: Melbourne, Newcastle eta Sydney. Bilbo 35. postuan aurkitzen da.
Kutsadura gutxien duten hirien sailkapena ez ezik, kutsadura gehien duten hiriena ere eman dute ezagutzera. Kasu horretan, kutsatuen diren 40 hirietatik 31 Indian aurkitzen dira. Kutsatuena Delhi da eta, ondoren, New Delhi eta Noida aurkitzen dira. Kutsadura-maila altuena duten lehen hamar hirietatik bederatzi Indian daude. Bestea, 10. postuan, Dhaka da (Bangladesh).