Neska jaio izanak milioika emakumeren bizitza baldintzatzen du munduan

Haurren ezkontzak, emakumeen genitalen mutilazioak, nerabeen haurdunaldiak edo genero-indarkeriak eragin itzulezina dute milioika neskatoren bizitzan.

“15 urte nituenean, nire eskolako maisuaren abusuak jasan nituen eta berarekin ezkontzera behartu ninduten. Bere bigarren emaztea izan nintzen. Ezkontza baino lehen, ablazioa jaso behar nuela eskatu zuen, eta zoritxarrez, hala izan zen. Berarekin lo egitera behartzen ninduen, gaixorik nengoenean ere bai. Lehen aldiz haurdun geratu nintzenean bikiak espero nituen eta zazpi hilabeteko haurdunaldiarekin galdu nituen.”

Boli Kostako Koné Awaren istorio lazgarria munduan milioika neska eta emakumek jasaten duten eskubideen urraketaren istorioa da. Bigarren haurdunaldiaren ostean, senarrak abandonatu zuen eta, denbora luze batean zer egin edo nora jo jakin gabe, herrialdeko iparraldean kokatuta dagoen UNICEFen zentro batera joatea erabaki zuen. Bertan, irakurtzen eta idazten ikasi du eta, orain, seguruago sentitzen da, bere zortzi hilabeteko umetxoarekin batera, etorkizunari aurre egin ahal izateko.

Eskubide urraketak

Haurren ezkontzak, emakumeen genitalen mutilazioak, nerabeen haurdunaldiak edo genero-indarkeriak mundu osoko milioika neskatori eta emakumeri eragiten dieten eskubideen urraketak dira. Egoera bidegabe horiek, gainera, larrialdi egoeretan areagotu egiten dira, eta testuinguru horietan ezinbestekoa da genero-ikuspegitik jardutea.

Emakumeen genitalen mutilazioa nesken eta emakumeen eskubideei zuzenean erasotzen dien praktika da eta, mundu osoan, 200 milioi neska eta emakumek baino gehiagok jasan dutela kalkulatzen da. Zifrak izugarriak dira: 2023an, 4,3 milioi neskek baino gehiagok ablazioa sufritzeko arriskua dute.

Mutilazioaz gain, haurren ezkontza ere, nesken eskubideen aurkako gaitz handienetako bat da gaur egun. Oso errotuta dago planetako eskualde askotan; gaur egun, 640 milioi neska eta emakume inguru 18 urte bete baino lehen ezkontzera behartuta izan direla uste da. Gainera, badakigu 4 neska adingabetik 1ek bikotekideen indarkeria fisikoa edo sexuala jasan duela.

Halaber, haur-ezkontza nerabeen haurdunaldiarekin oso lotuta dago, hori izanik adin horretako nesken heriotza-kausa nagusietako bat. Era berean, haurdunaldia saihestu nahi duten 15-19 urteko 10 nerabetik 4k ez dute metodo antikontzeptiborik erabiltzeko aukerarik.

Inbertsioak

Nerabeen osasunean eta sexu- eta ugalketa-eskubideetan inbertitzean, nesken osasuna hobetu eta haien aukera ekonomikoak handitzen dira. Era berean, haien hezkuntzan inbertitzea ere funtsezkoa da. Badakigu neska batek jasotzen duen bigarren hezkuntzako urte gehigarri bakoitzeko bere diru-sarrera potentzialak % 10-20 inguru handitzen direla. Horrek esan nahi du produktibitate ekonomiko handiagoa dutela, pobrezia-indizeak murrizten direla eta gizartearen ongizate orokorrean ere eragiten dutela. Azken batean, hezkuntzak haurren eta nerabeen osasuna eta ongizatea hobetzen ditu.

Izan ere, gaur egun, inoiz baino gehiago, genero-berdintasuna lortzea giza eskubideen kontua da, eta garapen iraunkorra lortzeko aldez aurreko baldintza da.

Premia larria dago neskei zuzendutako arreta eta baliabideak handitzeko, haien eskubideak egia bihurtu daitezen. Haien potentzialik handiena lortzeko aukera eman ahal dieten funtsezko arloetara bideratu behar dugu laguntza hori: besteak beste, hezkuntza arlora, bizitzarako trebetasunak eta prestakuntza digitalak eskainiz eta baita sexu-hezkuntza integrala sustatuz. Halaber, amatasuna eta haurdunaldietako osasun-arreta zaindu behar dira, batez ere, amak nerabeak direnean, eta, horrez gain, ezinbestekoa da biziraupenerako zerbitzuak eta indarkeria prebenitzeko programak sustatzea.

Osasuna eta hezkuntza

Nerabeek bizitza segurua eta osasungarria izateko eskubidea dute, baita hezkuntza jasotzeko eskubidea ere; eta ez bakarrik bizitzaren etapa honetan, emakume bihurtzen direnean ere bai. Nerabezaroan laguntza eraginkorra jasoz gero, neskatoek mundua aldatzeko ahalmena izan dezakete, biharko emakume ahaldun bihurtuta; alegia, etorkizuneko langile, ama, ekintzaile, mentore, etxeko buru edo lider politiko bezala.

Gaur egun munduan 10-19 urte bitarteko 600 milioi neska nerabe daude, inoizko kopururik handiena, eta baliabide egokiak, aukerak eta ingurune egokia izango balituzte, munduak inoiz ikusi duen emakume liderren eta aldaketaren sortzaileen belaunaldirik handiena izan liteke.